Bilboko Txistularien Bandak XVII. mendeari eskainitako kontzertuarekin amaituko du bihar udazken-neguko denboraldia

Bilboko Udal Txistularien Banda, Garikoitz Mendizabal zuzendaria buru dela
BILBOKO UDAL TXISTULARIEN BANDA
Actualizado: martes, 29 marzo 2011 14:48

BILBO, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Txistularien Bandak udazken-neguko denboraldiko azken kontzertua eskainiko du bihar Euskalduna Jauregian. Garikoitz Mendizabal bandako zuzendariak obra klasikoak euskal instrumentu tipikoetara egokitutako errepertorio bat aukeratu du, eta horrela, XVII. mendeko konposizioak izango dira denboraldiari agur esateko. Hitzordua Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan izango da, 20:00etan (sarrera librea), bandako iturriek jakinarazi dutenez.

Autore barrokoekin bukatuko du bere denboraldiko kontzertuen zikloa Bilboko Txistularien Bandak, eta Jeremiah Clarke organistaren, Domenico Gabrielli biolontxelo-jotzailearen eta Marin Marais biolagamba-jotzailearen obrak interpretatuko ditu, Mariano Santamaria pianistaren kolaborazioarekin. Santamariak hainbat aldiz aritu da Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia bandako kideekin.

Mariano Santamariak Mexikoko Kontserbatorio Nazionalean burutu zituen bere ikasketak, bai eta Rotterdameko (Holanda) Goi Musika Eskolan ere. Nazioarte mailako piano lehiaketetan saritu dute, hala nola Angelica Morales de Ciudad de Mexiko Lehiaketa Nazionalean edo Pariseko Jean Françaix Nazioarteko Lehiaketan. Gaur egun, Leioako Udal Kontserbatorioko piano irakaslea da.

Guztira, udazken-neguko denboraldian 3.000 ikusle inguru bildu ditu kontzertuetan Bilboko Udal Txistularien Bandak. 2010eko urrian Luis Jose Urteagari eskainitako omenaldiarekin hasi zen zikloa eta bertatik pasatu dira, kolaborazio lanetan, Jeronimo Martin pianista, Aitor Amilibia, Jose Antonio Hontoria eta Barakaldoko Udal Txistularien Bandako kideak. Gainera, Jesus Guridiri omenaldi bat eskaini zitzaion eta Garikoitz Mendizabalek "Sosegua" bere bakarkako bigarren lana aurkeztu du.