Bilboko Udal Musika Bandak bi kontzertu eskainiko ditu Alhondigan udako denboraldiari amaiera emateko

Actualizado: jueves, 15 septiembre 2011 19:29

BILBO, 15 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Bandak bi kontzertu eskainiko ditu AlhondigaBilbao zentroan irailaren 16an eta 23an udako denboraldia amaitzeko. Euskalduna Jauregiko kontzertu-ziklo berriari ekin aurretik, urriaren 9an hasiko dena, Banda Kulturen Atarira itzuliko da, Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdian lortu zuen harrera paregabea errepikatzeko asmoz.

Lehenengo kontzertua bihar, barikua, hilak 16, izango da, Rafael Sanz-Espert Zuzendari Titularraren batutapean, eta Bandak Arriaga eta Txaikovskiren lanak eskainiko ditu. Emanaldia 19:30etan hasi eta sarrera doakoa izango da.

Areatzako kioskoan egindako hainbat emanaldi eta Aste Nagusian izandako partehartzearen ondoren, Udal Musika Bandak Bilboko kultur agendari egiten dion ekarpen handia berretsiko du berriro ere, hirian dagoen eszenatoki abangoardistarik garrantzitsuenetako batera itzuliz, hau da, Alondegiko Kulturen Atarira.

Joan den apirilean, Bandak arrakasta handia lortu zuen leku honetan, Errusiako musikari egindako omenaldian. Piotr Ilitx Txaikovski izan zen orduan aukeratutako musikagileetako bat, eta bihar ere, kontzertuko protagonistetako bat izango da.

Bandak musikagile errusiarraren 'Martxa militarra', 'Hamlet' eta 'Romeo eta Julieta' lan ezagunen pasarte batzuk eskainiko ditu, eta biharko programa osatzeko, Rafael Sanz-Espert zuzendari titularrak Juan Crisóstomo Arriagaren 'Esklabo zoriontsuak' eta James Barnesen 'Eaglecrest' obretako oberturak gaineratu ditu.

Rafael Sanz-Espert (Llombai-Valentzia, 1960) nazioarteko haize-musikaren arlorean dagoen batutarik baloratu eta konprometituenetakoa da. Espainian dauden banda sinfoniko profesionalik garrantzitsuenak zuzendu ohi ditu.

Horrez gain, zuzendari gonbidatua da Cordoba-ko (Argentina) Orkestra Sinfonikoan, Sao Pauloko Orquestra do Estado delakoan, Orquesta de Sopros Brasileira-n, Paraguaiko Orkestra Sinfoniko Nazionalean, Duluth-eko Unibertsitateko Symphonic Wind Orchestran, Intercollegiate Honor of the CBDNA izenekoan, Twin Ports Wind Orchestra-n, Grand Symphonic Winds-en (Minnesota), Madrilgo Autonomia Erkidegoko Orkestra eta Koruan, The United States Army Orchestra-n, Washington DCko Etxe Zuriko musika talde ofizialean eta Midwinter Clinic (Minnesota) eta Midwest Clinic (Chicago) jaialdietan.

Diskografia zabala du genero desberdinetan duen moldagarritasunaren lekuko gisa, eta gaurgeroko proiektu nagusien artean, urrian Manchester-eko Royal Northern College of Music delakoan egingo duen grabazioa nabarmendu behar da. Egungo musikagileen alde hartu duen konpromisoaren haritik, 30 obra sinfoniko baino gehiago estreinatu ditu, beste zenbait enkargurekin batera.

Era berean, estatuko eta nazioarteko sari ugari eta ohorezko bost aipamen jaso ditu. Instrumentu-jotzaile gisa, zenbait kontserbatorio eta udal bandatako irakaslea izan da Castellonen eta Valentzian, bakarlari eta ganbera-talde desberdinetako buruzagi gisa gogotik jardun duelarik.

Zuzendaritzari buruzko eta musikari aplikatutako teknika mentalei buruzko master class eta workshop ugari zuzendu ditu, eta aldian aldian, Boston-eko Berklee College of Music delakora gonbidatzen dute. Aipatzeko modukoak dira Mallorcako Club Diari-n, Euskal Herriko Unibertsitatean, Villalobos Aretoan (Tatui) eta Sao Pauloko Seminário Ibero-Americano de Educao Musical e Inclus*o Social delakoan ematen dituen hitzaldiak.

Gaur egun, Zuzendari, Musikagile eta Moldatzaileen Kongresu Iberoamerikarreko Zuzendari Artistikoa eta WASBEko Board of Directors-eko kidea da. 2006an, Paraguaiko Orkestra Sinfoniko Nazionaleko Zuzendari Gonbidatu Nagusi izendatu zuten, eta 2002 urteaz geroztik, Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari Titular eta Artistikoa da.

Bigarren kontzertua bariku honetan izango da, hilak 23, Iñaki Urkizu zuzendariordearen batutapean. Hitzordu berri honetan, Udal Musika Bandak Philip Sparke, José Serrano eta James Bond-en filmetako eta beste hainbatetako soinu-banda ezagunak konposatu dituen John Barry musikagilearen obrak eskainiko ditu, besteak beste.