Bilboko Udal Musika Eskolak zazpi tailer eskainiko ditu maiatzaren 6ra bitartean

Horacio Fumero musikariak ere ikastaro bat eskainiko du
BILBAOMUSIKA
Actualizado: miércoles, 24 febrero 2016 13:25

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udal Musika Eskolak gai ezberdinak jorratuko dituzten zazpi prestakuntza tailer antolatu ditu ostiral honetatik, otsailaren 26tik, maiatzaren 6ra bitartean, bere eskaintza pedagogikoa areagotzeko. Ikastaroak eduki espezializatuetan prestakuntza osatzeko interesa duten guztientzat dira, eta instrumentuen interpretazioan, jazz musikan, oboerako aho piezetan edota abesbatzen zuzendaritzan oinarrituko dira, besteak beste.

   BilbaoMusika erakundeak jakinarazi duenez, matrikula egiteko epea zabalik dago ikastaro bakoitzeko plaza kopurua bete arte. Ikastaroak BilbaoMusikako egoitzan izango dira, Bilboko Sorkunde kaleko 8 zenbakian, eta matrikularen prezioa ikasgaiaren eta tailerraren iraupenaren araberakoa izango da, baina edozein kasutan ere, 10 (entzulea) eta 60 euro bitartean.

   Lehenengo ikastaroa Miguel Ángel Torres biolin jotzaileak ostiralean eta martxoaren 11n eskainiko duen "Hari instrumentuen didaktika" izango da. Banakako klase praktikoak eskainiko ditu, eta baliabide teknikoak eta pedagogikoak landuko dira, ikasgelan sortzen diren arazoak konpontzeko, hala nola soinua, afinazioa, ezkerreko eskuaren teknika, posizio aldaketak edo vibratoa.

   Martxoaren 10ean "Oboerako aho piezak prestatzea" tailerra hasiko da, eta martxoaren 17an eta apirilaren 7an izango du jarraipena. BilbaoMusikan oboe irakaslea den Mikel Albisturek emango du eta eskolako oboe ikasleei zuzenduta dago.

JAZZ MUSIKA

   Martxoaren 11n jazzaren txanda izango da. Horacio Fumero Trío taldea osatzen duten Gorka Benítez (saxofoia-flauta), Horacio Fumero (baxua-kontrabaxua) eta David Xirgu (bateria) musikariek instrumentu horien inguruko eskola magistralak eta konboei buruzko jazz mintegia eskainiko dituzte.

   Bestalde, musika irakasleek irakaskuntza hobetzeko aukera izango dute "Perkusioa ikasgelako baliabide gisa" ikastaroan, Antonio Domingorekin, apirilaren 8, 9 eta 10ean. Apirilan ere, Alipio Guinaldok "Egurrezko haize instrumentuen konponketak eta mantentze lanak" ikastaroa emango du, 8an, 15ean, 22an eta 29an, eta Oskar Garciak "Talde ezberdinetako moldaketak egiteko teknikak" tailerra, 11n, 18an eta 25ean eta maiatzaren 2an.

   Amaitzeko, Urko Sangroniz Bilboko Koral Elkarteko Euskeria koruaren zuzendariak "Pedagogia eta abesbatzen zuzendaritza" ikastaroa emango du. Abesbatza arloan interesaturik dauden pertsonei zuzendutako ekimena apirilaren 15, 22 eta 29an eta maiatzaren 6an egingo da.