Bilboko Udal Txistularien Bandak kontzertua emango du asteazkenean, Kepa Junkera eta Olaeta Balleta lagun dituela

Bilboko Udal Txistularien Banda
BILBAOMUSIKA
Publicado: lunes, 22 enero 2018 16:49

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Txistularien Bandak 2018ko lehenengo kontzertua eskainiko du asteazkenean, urtarrilaren 24an, Euskalduna Jauregian, eta Kepa Junkera eta Olaeta Balleta izango ditu lagun taula gainean. Emanaldia A1 Aretoan izango da, 20:00etan, eta sarrerak Euskaldunako txarteldegietan (bi euro), www.euskalduna.eus webgunean (hiru euro) eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan (hiru euro) erosi daitezke.

BilbaoMusika udal erakundeak jakinarazi duenez, kontzertua hiru zatitan banatuko da. Lehenengoan, "El Caserío", "Markinako Sahagi dantza", "Kontrapasa", "Museta", "Aurreskua", "Amorosa" eta "Kaixarranka" entzungo dira; bigarrenean, "Suletinoak", "Luzaideko dantza", "Sagar dantza", "Lekeitioko andrazkoen aurreskua", "Aintzina pika", "Makil txiki", "Martmutx", "Axuri beltza" eta "Mendi mendiyan".

Azkenik, hirugarren zatian, ballet klasikoa eta garaikidea eta folklorea uztartzen dituzten "Arku dantza", "Muxikokak: Buhameak", "Aupa Maurizia", Gaztelugatxe", "Ezpata dantza bilduma" eta "Gure Fandango" piezak entzun ahalko dira.

Asteazkeneko kontzertuaren ondoren, Bilboko Udal Txistularien Bandak Inauteri kontzertua eskainiko du otsailaren 7an. Kontzertua baino gehiago, ikuskizuna izango da, Patxi Labordaren kontakizunekin batera, dantzek, abestiek, Sestaoko erraldoiak eta irudiek ere protagonismoa izango baitute.