Bilboko Udalak %35,7 gehitu ditu adinekoen elkarteentzako diru-laguntzak, 855.000 eurora iritsi arte

Actualizado: lunes, 31 enero 2011 15:44

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak 855.000 euro emango ditu diru-laguntzetan Udalarekin hitzarmena sinatua duten adinekoen 53 elkarteentzat, hau da, 2010ean baino %35,7 gehiago. Diru-laguntza hauen helburu nagusia adinekoen partaidetza soziala, prestakuntza eta aisialdi aktiboa bultzatzea da. Urtean zehar Gizarte Ekintza Sailak zentro horietako jardueren gestioa eta dinamizazioa hobetzen jarraituko du.

Diru-laguntzaren kopuru osotik 745.000 euro (iaz baino % 35,5 gehiago) elkarteek programatutako jardueretarako eta zentroetako mantentze-lanetarako dira, eta 110.000 euro bertako ekipamenduetarako (2010ean baino % 37,5 gehiago). Jardueren barruan, Udalak bizkortasun mentaleko eta fisikoko tailerrak osorik ordainduko ditu.

Hartara, Bilboko Udalak lehentasuna eman nahi die adinekoen osasunerako eta bizimoduaren kalitaterako lagungarrienak diren ekintzei. Era berean, boluntarioen jarduna ere osorik ordainduko du. Udalaren diru-laguntzarekin zentro horietan egiten diren beste jarduera batzuk antzerkia, hitzaldi didaktikoak, marrazketa, abesbatzak eta ibilaldiak dira, besteak beste.

Mantentze-lanetarako diru-kopurua Udalaren titulartasunekoak ez diren adinekoen zentroek jasotzen dute. Kasu hauetan, diru-laguntza alokairuetarako, garbiketarako, eta argiaren eta uraren gastuetarako da gehienbat. Ekipamenduetarako diren 110.000 euroak ordenagailuak, inprimagailuak, altzariak edota telebistak erosteko dira.

Datozen asteetan emango ditu diru-laguntza horiek Gizarte Ekintza Sailak. Horrela, erantzuna emango zaie adinekoen elkarteen garrantzizko eskariari; izan ere, diru-laguntzak urte hasieran kobratzeko eskatu baitzuten, eta ez udazkenean 2009ra arte egin ohi zen bezala.

TALDE BERRI BAT

Adinekoen talde berri bat batu zaie Bilboko Udalarekin hitzarmena sinatua duten elkarteei: Erkoreka Erretirodunen Elkartea. Euren egoitza "Centro Numantino" izeneko zentroan dute, Ernesto Erkoreka plazan. Bestalde, Zabala auzoko Gure Astialdi elkarteak berriro ekin dio lanari urtebeteko keraren ostean.

Diru-kopurua ahalik eta modurik eragingarrienean eta probetxuzkoenean banatzeko, Gizarte Ekintza Sailak hitzarmena sinatuko du elkarte bakoitzarekin. Bertan zehaztuko dira elkarte bakoitzaren premiak eta proiektuak. Diru-laguntzok kobratzeko, aurreko urtean jasotako dirua behar bezala erabili dutela justifikatu beharko dute elkarteek. Dagoeneko, ia elkarte guztiek justifikatu dituzte euren gastuak Gizarte Ekintza Sailean.

Bilboko Udalak aurten duen asmoetako bat 2010ean hasitako hobekuntzekin jarraitzea da; egin-eginean ere, elkarteen euren esku dagoen adinekoen zentroen kudeaketa administratiboa hobetuko du. Horretarako, akordiora iritsi da Secot erakundearekin. Irabazi asmorik gabeko erakundea da, enpresen gestioaren alorrean euren borondatez eta modu altruistan esperientzia eta jakituria eskaintzen duten erretirodunek osatua.

Gizarte Ekintza Sailak, bere aldetik, heziketa-jardunaldiak programatzen ditu elkarteetako zuzendaritza-batzordeetako kideentzat, gaitasun desberdinak lantzera bideratuak. Azkenik, nabarmendu beharra dago Bilboko nagusien elkarteek Nagusi Azokan gauzatzen diren ekintzak garatu daitezen funtsezko papera betetzen dutela. Azoka hori hirugarren adinekoei zuzentzen zaio eta urrian ospatu ohi da BECen.