Bilboko Udalak arratoiak hiltzeko udaberriko kanpaina hasiko du bihar hiriko 44 zonaldetan

Actualizado: jueves, 31 marzo 2011 14:26

BILBO, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bihar hasiko du arratoiak hiltzeko udaberriko kanpaina. Hiribilduko barruti guztietara iritsiko da kanpaina maiatzaren erdialdera bitarte, eta 44 zonaldetan burutuko da, Udal bilbotarreko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Kanpaina gauzatzeko, Bilboko Udaleko teknikariek behar bezala identifikatutako poltsa hermetikoetan sartuko dute arratoiak hiltzeko produktua, eta poltsa horiek arratoiek erabili ohi dituzten "txoko ekologikoetan" utziko dituzte, hots, bide publikoko saneamendurako kutxatiletan, sasitzetan, arratoiak bertan finkatu diren zantzuak dituzten sastraketan eta abar.

Arratoiak hiltzeko erabiliko den produktua berezia da, koagulazioaren aurkakoa, eta ez die inolako kalterik egiten ez pertsonei, ezta etxeko animaliei ere. Horrez gain, produktua sarbide zaila duten guneetan aplikatuko da eta toxikotasunari buruzko informazioa adierazten duten irudi eta testuak izango ditu. Era berean, oso zapore mingotsa duen "bitrex" izeneko substantzia bat ere gehitu zaio pertsonek horiek ez jatea eragiteko.

Arratoiak kontrolatzeko egunero egiten diren lanez gain, Bilboko Udalak arratoiak hiltzeko bi kanpaina intentsibo egiten ditu urtean, gutxienez. Aurreko kanpaina azaroan eta urrian burutu zen. Ohikoak ez diren lekuetan arratoiak ikusiz gero, 94 420 52 07 telefonoaren bidez Osasun eta Kontsumo Sailari jakinaraztea gomendatzen da.

Kanpainaren egutegiari dagokionez, apirilaren 1etik 5era lehenengo Barrutian egingo da; apirilaren 6tik 8ra, bigarrenean; apirilaren 11tik 14ra, hirugarrenean; apirilaren 15etik 20ra, laugarrenean; apirilaren 26tik maiatzaren 2ra, bosgarrenean; maiatzaren 3tik 5era, seigarrenean; maiatzaren 6tik 11ra, zazpigarrenean; eta maiatzaren 12tik 17ra, zortzigarrenean.