Bizikletak maileguan hartzeko sei gune berri jarri ditu Bilboko Udalak

Bilbon Bizi zerbitzua handituko du Udalak
Foto: Bilboko Udala
Actualizado: martes, 17 enero 2012 14:12

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak bizikletaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, garraiobide iraunkorra izan dadin, eta bizikletak maileguan hartzeko sei gune berri jarriz, Bilbon Bizi mailegu-zerbitzua indartuko du. Iaz 126.232 mailegu erregistratu zituen zerbitzu horrek. Gainera, informazio kanpaina bat jarri du abian, bizikletaren erabilera egokia sustatzeko.

   Gaur egun 9.055 pertsonek eman dute alta Bilbon Bizi zerbitzuan, eta 170 bizikleta daude martxan, denak material iraunkorrez eginak eta diseinu propio, arin eta sinpleaz. 2011ko apirilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eguneko batez beste 455 erabilera erregistratu zituen, eta urria izan zen gehien erabili zen hilabetea, eguneko batez beste 543 aldiz erabili baitzen.

   Iazko udatik, Bilbo Bizik maileguak egiteko ordutegia handitu du (7:00etatik 22:00etara da) eta lapurretak gutxitzeko asmoz bizikletak ainguratzeko sistemak hobetu ditu. Orain, gainera, hauek mailegatzeko sei gune berri jarriko dira eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak diru-laguntza eman du. Urtarrilaren hasieran martxan jarriko dira, eta, horrela, bizikletak mailegatzeko 25 gunez osatutako sarea egongo da hiri osoan zehar. Aurten ere antzeko zabalkuntza egitea aurreikusten da.

   Bestalde, joan den abenduan Bilboko Udalak erabiltzaileen gogobetetzeari buruz egindako inkestaren arabera, Bilbon Bizi zerbitzua astean hirutan edo lautan gutxienez erabiltzen dutenen (ohiko erabiltzaileen) %87k zerbitzua modu positiboan baloratzen du, eta bizikleten diseinua hamarreko batez beste 7,1 punturekin baloratzen dute (%22ren ustez emaitza bikaina da).

   Galdetutakoen %43,9ren aburuz, arintasuna da bizikleta erabiltzearen abantaila nagusia, %34,4k garraiobide honen osasungarritasuna azpimarratzen du eta %46,6k bere izaera ekologikoa nabarmentzen dute (erabiltzaile bakoitzak erantzun bi aukeratu zitzakeen).

   Bilbon Bizi zerbitzuaren eskaintza ez dago hain ondo ikusita inkestaren hainbat alderdiri dagokionez, esate baterako, mailegu-puntuak (4,5) eta bizikletak eskura edukitzea (3,6). Horrekin nabaritzen da zerbitzua zabaldu eta hobetzearen aldeko eskari sozial haziz doala eta hori, hain zuzen ere, finkatze bidean dagoen sistema baten ondorio logikoa da, kontuan hartuta zerbitzuak oraindik ez duela urte bat ere indarrean bete.

BERRIKUNTZAK

   Ildo horretan, Bilboko Udalak hainbat berrikuntza sartu ditu, zerbitzuaren eraginkortasuna handitzeko eta erabiltzaileen benetako beharrizanei egokitzeko.

   Lehenik, bizikleta erabiltzeko gehieneko denbora aldatu da, ordu bitik ordu batera, Bilbon Bizi zerbitzua benetako garraio-sistema gisa erabiltzea sustatzeko asmoz. Horrela, mugikortasuna bultzatuko da eta erabilgarri dagoen bizikleta kopurua benetan handiagoa izango da.

   Erabiltzaile ohikoenen artean inkestak ateratako emaitzen arabera, Bilbon Bizin egindako ibilbideen %90,4 gehienez ordu batekoak dira. Egindako ibilbideen %45,1en iraupena 15 eta 30 minutu bitartekoa da, %27,5ena 15 minutu baino gutxiagokoa eta %17,9rena 30 eta 60 minutu bitartekoa, joan-etorrien %9,6rena berriz, 60 minututik gorakoa da.

   Ibilbide motaren arabera, ohikoenak, lanerako joan-etorriak (%58,2), gestioak egitekoak (%29,4) eta ikastetxera joatekoak (%24,3) dira. Halaber, hamar erabiltzailetik bederatzik aitortu dutenaren arabera, bizikleta iaz baino sarriagotan erabiltzen dute garraiobide gisa.

   Bilboko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Sailak abian ipiniko duen beste jardueretako bat 15 euroko beste bonu bat ezartzea da (Bilbon erroldatuta ez daudenentzat 20 euro). Horren berri emango zaie erabiltzaileei gutunaren bitartez, hilabeteko epea eskainiz zerbitzua erabiltzen jarraitu nahi duten baloratu dezaten. Era berean, iraupen laburreko abonua sartu daitekeen aztertzen ari dira, noizbehinka erabiltzeko.

   2011ko abenduan egindako inkestan urteko bonua ezartzeko aukera aurkeztu zen eta, bertan, Bilbon Bizi zerbitzuko erabiltzaileen %68k 15 eta 25 euro arteko urteko kuota ezartzeari zentzuzko zeritzon, eta %22,6k ostera, zerbitzua doakoa izatea proposatzen zuen.

INFORMAZIO KANPAINA

   Bestalde, astearte honetan bertan, Bilboko Udalak bizikleta zentzuz erabiltzeko aste biko informazio kanpaina bati ekin dio, erabili eta zirkulatzeko aholkuekin. Bertan zehaztu dira Bilbon Bizi bizikletak mailegatzeko zerbitzuan sartutako berrikuntzak, bizikleta erabiltzera animatuz, Klimaren Aldaketaren kontra borrokatu eta Bilbon zarata murrizteko.

   Kanpaina hau "Auzolan 21: aldaketa klimatikoaren kontra borrokatzeko herritarren erantzukizun bateratua" izeneko ekimenean egindako lanaren ondorioa da, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Udalsarea 21 ekimenaren barruan bultzatuta. Herri erakunde honek jarduera burutzeko kostuaren %60 ematen du.

   Kanpainaren barruan, ehunka kit banatuko dira, hurrengo osagaiekin: jaka islatzaile bana, auzo-etxeetan eskura egongo diren informazio-foiletoak eta oso erraz ikusten diren distiragailuak, aste honetan toki eta ordu desberdinetan ibiliko direnei banatuko zaizkienak. Bestetik, "bereziki apaindutako" bizikletak ipiniko dira Bilboko leku desberdinetan bizikleta erabiltzearen aldeko mezuekin.