Bilboko Udalak genero indarkeriaren biktimei plaza bat eskaintzeko konpromisoa berretsi du

Actualizado: martes, 17 mayo 2011 19:24

BILBO, 17 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Bizkaiko Emakumeen Asanbladarekin hartutako konpromisoa berretsi du, hirian genero-indarkeriaren biktimei beren oroimena mantenduko duen kokapen bat eskaintzeko asmoz. Udal bilbotarraren arabera, konpromiso horren isla da Alkatetzaren martxoaren 25eko ebazpena, gaia Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluari helarazi eta Alkatetzara jasotzea erabakitzen zuena, azken hau baita honelako gaietan azken hitza duen erakundea.

Bilboko Udalaren iritziz, genero indarkeriaren biktimak aintzat hartzea "ezinbesteko pausoa da gaitz sozial hau errotik erauzteko", eta ildo horretan, ziur dago, "gertaeren ezagutza zabaltzen eta gizarte osoak partekatutako sentimendu eta emozioak kanporatzen lagunduko duten oroimen-esperientzia kolektiboen sorrerak, zilegitasun osoa ematen diola gizarteari indarkeria matxistaren biktimak aldarrikatu eta indarkeria horren jatorrian diren portaerak salatzeko".

Hori dela eta, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren ekimena jasoz eta Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluaren babesaz, Bilboko Udalak lanean dihardu une honetan kokapen egokiak bilatu eta herritarrei biktimekiko elkartasuna, erasotzaileekiko gaitzespena eta indarkeriarik gabeko gizarte bat aldarrikatzeko aukera emango dien oroimenaren lekua sortu ahal izateko.

Azaroaren 25a Plaza berria kokatzeko proposamen desberdinak Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, maiatzaren 22ko hauteskundeen ondorengo Udal berria eratu ondoren antolatuko den lehenengo bileran.