Bilboko Udalak hiriko lehen jolastoki estalia inauguratu du Cocherito de Bilbao kalean

Actualizado: miércoles, 26 enero 2011 15:35

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak hiriko estalitako lehenengo jolastokia inauguratu du Cocherito de Bilbao kalean, Bolueta auzoko kale honen aparkalekuko estalkian, hain zuzen, jendeak Plaza Gorria deiturikoan. Gutxi gora behera 240.000 euro inbertitu dira proiektuan. Modu honetan, Udalbatzak urrats berria eman du hiriko umeen aisialdiko ekipamenduen garapen eta berriztapenean.

Halaber, umeentzako jolastoki berri hau osatzeko, estalki berria ipini du, umeek eta beren laguntzaileek eguzki, hotz, haize eta euritik babestuta egoteko. Ekimen honekin, aire zabaleko ekipamendu hauek urte osoan erabilgarriak dira.

Umeentzako jolastoki berri honek 400 metro karratuko azalera dauka. Horrekin batera, 77 metro karratuko espazioa egongo da nagusiek ariketak eta mantentze fisikoa egiteko aparatuekin, eta hauek ere estalkia edukiko dute.

Umeentzako eremu berria hamar elementuk osatzen dute, besteak beste, askotariko jolas bik, zabu bik eta tirolina batek. Jolasteko elementuetariko batzuk bereziki diseinatu eta egokitu dira gurpildun aulkietan dabiltzan umeentzat, hala nola ezgaitasun psikomotoreak nahiz entzumenezkoak edo mugitzeko urritasunak dituztenentzat.

Honekin, Udalak Bilboko ume guztiei jolastoki hauetaz berdintasunez gozatzeko aukera eman gura die.

Elementu horiei musika-joko berriztatzaile eta interaktiboa gehitu behar zaie, kale argien gaueko hornidura elektrikoaren bitartez elikatua.

Espazio osoak gomazko zoladura jarraitua eta inpaktuen motelgailua dauzka. Gainera, erabat homologatuta zein seinaleztatuta dago eta esparru osoak segurtasunezko hesia dauka, ibilgailuak dabiltzan bideetarako sarbide zuzena eragozteko.

Jolastoki berria umeentzako Bilboko hainbat auzotan bost eremu berriren instalakuntzaren barruan dago. Ekimen honetan umeentzako honako aisia-guneak daude: Sabino Arana (Etxezuri Dorreak); Txurdinagako Europa Parkea, estalkiarekin; Areatzako Pasealekua; Leon Uruñuela eta Errekaldeko Altube kalea.

Eremu horiek sortuz, jolastokiak handitu eta hobetu nahi dira, herritar guztiek etxebizitzatik gertu dagoen umeentzako olgetarako gune batez gozatzeko aukera emanez, lan jarduna eta familia-giroa uztartze aldera. Horrela, ez da urrutira joan beharko familiarekin aisialdia emateko.

Bilbon umeentzako 164 jolastoki daude banatuta hiriko auzo guztietan. Alderdi guztietan segurtasuneko berme handienak dauzkate. Beti erabili dira gomazko zoladura homologatua, kartel seinaleztatzaileak eta, ibilgailuak dabiltzan bide edo eremuetatik gertu egonez gero, bidea eta jolastokiaren arteko hesiak.

Jolasen tipologia oso kontuan hartu da aukeratzeko momentuan. Elementu argitsuak izan behar dira, espazio ilunik sortzen ez dutenak eta mantentze errazekoak.