Bilboko Udalak Miserikordia Etxea, zezen plaza eta Basurtuko Ospitalea ezagutzeko doako bisita gidatuak antolatu ditu

Basurtuko Ospitalera ere bisita gidatuak egingo dira
Europa Press
Actualizado: miércoles, 23 abril 2014 18:09

BILBO, 23 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Miserikordia Etxea, Vista Alegre zezen plaza eta Basurtuko Ospitalea ezagutzeko doako bisita gidatuak eskainiko ditu maiatzean, ekainean eta irailean, hurrenez hurren.

Irteerek ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta gaztelaniaz egingo dira astelehen eta ostegunetan, 10:00etan eta 18:00etan, eta astearte eta asteazkenetan, 17:00etan eta 18:45ean; ostiraletan, aldiz, euskaraz izango dira, 10:00etan taldeentzat eta 16:30ean banakoentzat. Ekimenean parte hartzeko, derrigorrezkoa da 010 (944 010 010) informazio telefonora deitu eta erreserba egitea.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, maiatzean, Miserikordiaren Erret Etxe Santua izango da bisiten ardatza. Erakunde hau ondo errotuta dago Bilboko historian, eta Athleticeko jokalariei ematen zaien 'lehoiak' goitizena bertan dagoen San Mamesen omenezko kaperatik dator, martiri hau lehoiek janda hil baitzen. Gaur egun adinekoentzako egoitza da.

Vista Alegre zezen plaza Miserikordia Etxearekin lotuta dago hasieratik, eta bildutako diruaren erdia eman ohi dio. Zezen plaza ekainean ezagutzeko aukera izango da. Oraingo plaza 1960ko hamarkadaren hasieran eraiki zen, 1882an eraiki eta sute batek kiskalita utzi zuen aurreko plazaren gainean. 14.752 lagunentzako lekua dauka.

Udako atsedenaren ondoren, bisita gidatuen programa irailean itzuliko da, Basurtuko Ospitala hobeto ezagutzeko. Zentroa Bilboko goi mailako familiek dohaintzan emandako pabiloiek osatzen dute, eta pabiloi bakoitzak dagokion emailearen familiaren izena darama.