Bilboko Udalak osasun-azterketak egin dizkie hiriko ikastetxe publikoetako 12.112 ikasleri azken lau urteetan

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2011 18:56

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak, Eskola Osasuneko Atalaren bidez, osasun-azterketak egin dizkie hiriko ikastetxe publikoetako 12.112 ikasleri azken lau urteetan. Eskola Osasuneko atala 1919an hasi zen Bilbon lanean. Gaur egun, sei medikuk, sei erizainek, bi psikologok, administrari batek eta pediatra batek parte hartzen dute profesionalez osatutako talde honetan.

Osasun-azterketak egitea zabalagoa den programa baten barruan kokatzen da. Programa horren helburua Bilboko ikasleak behar bezala haztea eta garatzea ahalbidetzen duten osasun-baldintzak sustatzea da arlo biologikoan, psikologikoan eta sozialean.

Zentzu horretan, eskola-umeen osasun-arazoak (pisua eta tailaren garapena, ikusmena, entzumena, aho-hortzak eta bizkarrezurraren egoera ikusteko azterketak) garaiz antzemateko eta era eraginkorrean tratatzeko lanean aritzeaz gain, ingurumen eta eskola-bizitza osasungarriak bermatzen dira eta ohitura, jarrera eta ezagutza osasungarriak sustatzen dira ikasleen artean.

Eskola Osasuneko profesionalek osasuna sustatzeko taldeak eta tailerrak sortzen eta koordinatzen dituzte. Bertan, ikasleek, gurasoek eta irakasleek hazteko prozesuan egunero sortzen diren zailtasunak deskubritzen eta aztertzen dituzte eta haiei buruzko gogoeta egiten dute irtenbideak bilatzeko. Horrela, alde batetik ikasle taldeak sortzen dira eta haiekin askotariko jarduerak egiten dira.

Zehazki, txertaketari buruzko hitzaldiak-eztabaidak egin dira, 8.535 ikasleren partaidetzarekin; ahoa eta hortzak behar bezala garbitzeko ohitura osasungarriak eskuratzeko ikastaroak egin dira (8.500 ikaslek parte hartu zuten); bihotz-biriketako bizkortze tailerrak (3.635 ikasle) eta lehen sorospenetarako tailerrak (1.037 ikasle) ere egin dira.

Osasuna zaintzeko programak 2.100 ikasleri eragin die, eta 3.212 ikaslek parte hartu zuten behar bezalako gorputz-jarrerak eta mugimenduak ikasteko 2009-10 ikastaroan abian jarritako programan.

Higiene pertsonalari buruzko programan 512 ikaslek parte hartu zuten eta ohitura osasungarriei buruzkoan 1.515ek.

Halaber, 2009-2010 ikasturtean abian jarritako gosariaren programan 2.665 ikaslek parte hartu zuten. Gainera, ikasturte berean hasitako "Aurre-puber" programa 11-12 urte bitarteko eskola-umeei zuzenduta dago; programa horrek ikuspuntu psikosozial batetik hazkuntzari eta aldaketa fisikoei buruzko gogoeta egiteko espazio bat eskaintzen du (1.824 ikaslek parte hartu zuten).

Pubertaroan eta nerabezaroan daudenentzako "Osasungintza" programaren barruan gogoeta egiteko espazioak sortu ziren, eta 6.676 ikaslek parte hartu zuten.

Bestetik, helduei zuzendutako ekimenei dagokienez (2.960 parte-hartzaile guztira), guraso-eskolak antolatu ziren eguneroko bizitzan sor daitezkeen arazoak eta kontraesanak lantzeko. Eskola horietan, aldaketarako alternatibak sortzen irakasten zaie gurasoei.

Irakasleei zuzendutako ikastaroei dagokienez, Eskola Osasuneko psikologoek parte-hartze programak garatzen dituzte gaur egun hezkuntzan lan egiteak eragiten dituen arazoei (higadura pertsonala eta hondatze profesionala) buruzko gogoeta bultzatzeko.