Bilboko Udalak udaltzaingoko 55 plaza berri betetzeko lan eskaintza publikoko lehen ariketa egingo du maiatzaren 23an

Udaltzainak Bilboko Guggenheim museoan
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 3 mayo 2017 13:59

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak udaltzaingoko 55 plaza berri betetzeko lan eskaintza publikoaren hautaketa prozesuko lehenengo ariketa antolatu du. Guztira 1.744 pertsona onartu dira, eta udalaren web orriaren bidez eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkiak argitaratuta deituko zaie ezagupen teorikoei eta Bilboren gaineko ezagupenak neurtzeko probetan parte har dezaten. Probak maiatzaren 23an izango dira, 10:30etik aurrera, Durangoko Landako Gunean.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, onartutakoen artean, %78,7 gizonezkoak (1.372) eta %21,3 emakumezkoak (372) dira. Adinari erreparatuta, gehienak (%57,2, hau da, 997) 26 urtetik beherakoak dira, eta %20,3 (355) 36 urtekoak edo gehiagokoak. Jatorriari begiratuta, %96,50 Euskadikoak dira (1.683).

Aurrekoetan bezala, Bilboko Udaltzaingoa agente berriekin hornitzeko lan eskaintza publikoa oposizio bidez egingo da. 55 plaza berrietatik 38k derrigorrezkoa dute euskararen 2. hizkuntza eskakizuna.

Oposizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: adinez nagusia izatea, Bigarren Hezkuntzako Graduatu, DBH, Oinarrizko Batxilergo, Eskola Graduatu, Lehen Mailako Lanbide Heziketa, Teknikari Laguntzaile titulua edo baliokidea eta B gidabaimena edukitzea.

Oposizioan hiru ariketa derrigorrezko eta baztertzaile egin beharko dira, eta borondatezko eta ez baztertzaileak diren beste ariketa bi izango dira euskara eta beste hizkuntza batzuen ezagutza ziurtatzeko. Horrela, test motako bi azterketa izango dira (bat ezagutza teorikoena, legeak, udal arautegiak, berdintasuna edo polizia komunitarioari buruzkoa), eta beste bat Bilboko ezagutzari buruzkoa.

Halaber, bigarren azterketan ariketa fisikoak egin beharko dira, malgutasuna edo erresistentziakoak, eta horietan gai ala ez gai kalifikatuko dira hautagaiak. Hirugarrenik, pertsonalitateko eta talde dinamikako bi ariketa eta elkarrizketa pertsonal bat egingo dira, harremanetarako trebetasuna eta lanerako gaitasunak, enpatia edo ulerkuntza ziurtatzeko, besteak beste.

Fase hori gainditu ondoren, notarik onenak dauzkaten hautagaiek prestakuntzako ikastaro bat eta praktikaldia egin beharko dituzte Udaltzaingoaren Akademian, ezagutzetan sakontzeko eta laneko zereginak zeintzuk diren ikasteko.

Prestakuntzan eta praktikaldian laneko gaitasunaren inguruan eta zerbitzurako jarreraren inguruan eskuratutako trebetasunak, hautagai bakoitzaren lankidetza, elkarlana edo erantzukizuna ebaluatuko dira, bai eta haien oreka zentzua eta egokitzeko gaitasuna ere, arriskuko edo estreseko egoeretan, besteak beste.

Bilboko Udaltzaingoa dozena bat agenterekin hasi zen eta, ia bi mende igarota, gaur egun 766 pertsona ari dira lanean: agenteak, agintariak eta bertan diharduten administrariak. Horietatik 712 poliziak dira (%6,9 emakumezkoak).