Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Facebook profil propioa sortu du agendaren informazio eguneratua emateko

Facebook profila egin du Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak
FACEBOOK
Actualizado: martes, 4 octubre 2011 19:28

BILBO, 4 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak profil propioa zabaldu du Facebooken. Bertan, hiriko kultur eta aisialdi ekitaldien agenda kontsultatu ahal izango da, eta hala nahi duten pertsonek, une honetan paperean argitaratzen den Bilbao Kultura agenda beren helbide elektronikoan jaso ahal izango dute, pdf formatuan.

Ekimen horren bitartez, hirian dauden ekitaldi guztien informazio eguneratuagoa eta berehalakoa eskaini nahi zaie hiritarrei, eta, horrez gain, paperaren kontsumoa ere murriztu nahi da, une honetan hilero 22.500 agenda ateratzen baitira paperean, batez beste, Bilboko Udaleko iturriek adierazi dutenez.

Agenda formatu digitalean bakarrik jasotzeko beharrezkoa izango da mezu elektroniko bat bidaltzea, norberaren datu pertsonalak jarriz, agendakulturala@ayto.bilbao.net helbidera. Agenda posta elektronikoz jasotzen hastean, pertsona horrek jada ez du ohiko postaz jasoko, eta horrela paper gutxiago kontsumituko da, eta, ondorioz, ingurumena gutxiago kaltetuko da.

Aldaketa horretaz baliatuz, Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilbao Kulturaren diseinua berriztatu du. Egitura sinpleagoa eta hobeto ikusten dena eman dio, ordenagailuaren pantailan errazago ikusteko eta erabiltzeko. Facebookeko helbidea www.facebook.com/BilbaoKultura da.