Bilboko udaletxearen eraikin nagusiaren 125 urteak ospatzeko sareko atal berrian ia 1.800 lagun sartu dira

Bilboko Udaletxeko eraikin nagusia, gauez
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 24 abril 2017 17:06

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak udaletxearen eraikin nagusiaren 125. urteurrena ospatzeko www.bilbao.eus webgunean sortu duen atal berriak ia 1.800 sarrera izan ditu. Apirilaren 7an jarri zen martxan Joaquin Rucoba arkitektoak diseinatutako monumentua era birtualean esploratzeko eta doako bisita gidatuak eskatzeko "Ezagutu Udaletxea" atal berria.

Gainera, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, udaletxearen eraikin nagusiaren aberastasun artistiko eta arkitektonikoa ezagutarazteko antolaturiko arratsaldeko bisita gidatuen ziklo bereziak 200 pertsona inguru erakarri zituen apirilaren 18tik 21era bitartean.

Hartara, www.bilbao.eus webguneko "Ezagutu Udaletxea" atal berria abian jarri eta lehen 18 egunetan 1.795 bisita erregistratu dira. Horietatik %94,54 gaztelaniaz egin dira (1.697), %4,35 euskaraz (78) eta %1,11 ingelesez (20).

640 bisitatan Google-ren Street View teknologiaz landutako bisita birtuala bistaratu dute. Hizkuntzei erreparatuta, portzentajeak aurrekoen oso antzekoak dira: bisita birtualen %94,38 gaztelaniaz egin dira (604), %4,06 euskaraz (26) eta %1,56 ingelesez (10).

Azkenik, "Ezagutu Udaletxea" atalean txertatutako sareko formulario berriaren bitartez, doako bisita gidatuak adosteko 20 erreserba egin dira: banakako 19 eta taldekako bat.

BISITA GIDATUAK

Bestalde, apirilaren 18tik 21era bitartean antolatutako arratsaldeko bisita gidatuen zikloan parte hartu zuten 197 pertsonen artean, %62 Bilbon erroldatutakoak izan ziren (123), %34 Bizkaiko gainerako lekuetakoak (67) eta %4 Sevilla (3), Valladolid (1), Erresuma Batu (2) eta Argentinatik (1) etorritako bisitariak.

Bisita berezi hauekiko interesa gehituz joan zen egunez egun. Honela, hilaren 18an 26 pertsona bildu ziren ekimenera, hilaren 19an 45, hilaren 20an 59, eta hilaren 20an 67. Antolatutako zortzi bisitetatik zazpi gaztelaniaz egin ziren, eta bat euskaraz.

Apirilaren 17an 125 urte bete ziren Bilboko Udala San Antonen ondoan zeukan kokapenetik oraingo udaletxera aldatu zela. Gertaera gogoratzeko, sareko "Ezagutu Udaletxea" atala berritu eta arratsaldeko bisita gidatuen ziklo berezia antolatzeaz gain, Bilboko Udalak eraikin historikoaren barruko zein kanpoko argiztapen monumentaleko sistema eraberritu du, argitasuna eta energia eraginkortasun hobetuz eta elektrizitate kontsumoan %90erainoko aurrezkia lortuz.

Azkenik, ONCE erakundeak apirilaren 18ko kupoia eskaini zion Bilboko udaletxeko eraikin nagusiaren inaugurazioaren 125. urteurrenari.