Bilboko UdalTax#0 zergak bildu eta kudeatzeko sistemak SAP Innovation Awards saria lortu du

Actualizado: viernes, 20 abril 2018 16:34

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak SAP Innovation Awards 2018 nazioarteko lehiaketako sari nagusia lortu du Eraldaketa Digitala kategorian, udal zergak bildu eta kudeatzeko UdalTax#0 sistema integratuari esker. SAP Innovation Awards 2018 sariak banatzeko ekitaldia ekainaren hasieran egingo da, Orlandon (AEB).

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, "aparteko garrantzia duen sari honek udalaren barruan eta bereziki hain sentibera den zergen bilketa eta kudeaketaren arloan egindako lanaren bikaintasuna aitortzen du, esparru honetan ere argi utzi baitugu garrantzitsuena pertsonak direla".

UdalTax#0 zergak bildu eta kudeatzeko sistema integratua da, aitzindaria eta berritzailea. Zergadunak udal jardueraren erdigunean kokatzen ditu, "kudeaketan sekula ez bezalako gardentasun eta zorroztasun mailetara iristea ahalbidetzen duen tresna informatiko batean oinarrituta", Bilboko Udaletik nabarmendu dutenez.

UdalTax#0 Bilboko Udaleko Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Cimubisa Udal Informatika Zentroak garatu dute Accenture aholkularitza enpresaren lankidetzaz. SAP Innovation Awards 2018 lehiaketako epaimahaiaren iritziz, "zergak biltzeko osoko soluzio integratu eta benetan arrakastatsu baten lehenengo aplikazioa da". Nazioarteko lehiaketara iritsi aurretik, UdalTax#0 proiektuak SAP Quality Awards Iberia 2017 sarien zilarrezko golardoa irabazi zuen azaroan.

Lehen aldia da toki erakunde publiko batek SAP Innovation Awards 2018 lehiaketako sari nagusia lortu duela Eraldaketa Digitalaren kategorian. Kontuan izan behar da lehiaketaren helburua dela munduko software hornitzailerik garrantzitsuenetakoa den SAP multinazional alemanaren euskarri teknologikoaz garatutako soluziorik berritzaileenak aitortzea.

Lehiaketaren azken fasean Bilbok beste 67 hautagaitzari aurre egin behar izan die, naziortean puntakoak diren Shell, Deloitte, Schindler, Pfizer, ExxonMobil, E.On, Huawei eta PriceWaterhouseCoopers korporazioek garatutako maila goreneko soluzio teknologikoekin lehiatuz.

Epaimahaiaren iritziz, "UdalTax#0 sistemak %100 digitala den kudeaketa eredu integratuaren definizioa du ardatz, eta zergaduna ikuspegiaren erdigunean kokatzen du". Horren bitartez taxututako "negozio eredu berria eskalagarria eta malgua" dela nabarmendu du, eta "Estatuko, Europako zein nazioarteko edozein administraziori aplikatu beharreko legeetara edo prozedura aldaketerara erraztasun osoz molda daitekeela".

BOST URTE

Marta Ajuria Bilboko Udaleko Ekonomia eta Ogasun Saileko zinegotziak gogoratu du bost urte daramatzatela UdalTax#0 eredua sortu, garatu eta inplementatzeko lanetan. "Sistemaren inplementazioa 2016ko uztailean abiatu zen eta apurka-apurka ezarriz joan da, zergadunen gaineko eraginak minimizatzeko asmoz, betiere Ekonomia eta Ogasun Saileko zein Udal Informatika Zentroko langileen ahalegin apartari esker, horiexei zor baitiegu nazioarteko aintzespen garrantzitsu hau", azpimarratu du.

Ildo horretan, Aburtok adierazi du hirigintza eta arkitekturaren bikaintasunari buruzko sariak bezain garrantzitsuak direla SAP Innovation Awards 2018 bezalako golardoak jasotzea.

"Sari honi esker, Bilboko Udala erreferentziazko administrazio aintzindaria bihurtu da mundu osoan administrazioko lanaren gardentasuna, eraginkortasuna eta zorroztasuna hobetzeko soluzio teknologikoen garapenari dagokionez, betiere herritarren zerbitzuko jarduna hobetzeko ahaleginean", azaldu du.