Bingen Ametzagaren idazlan guztien bertsio digitalaren dohaintza egin diote Euskaltzaindiari

Actualizado: martes, 16 junio 2015 17:28

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bingen Ametzaga idazle eta euskaltzain urgazlearen idazlan guztien bertsio digitalak dohaintzan eman dizkio Euskaltzaindiari Xabier Ametzaga Iribarren semeak. PDF formatuan dauden 298 lan biltzen dituzten bederatzi dokumentu nagusik osatzen dute dohaintza. Hamargarren dokumentua ere bada, lan osoaren xehetasunak eta aurkibidea azaltzen dituena. Lan guztiak Azkue Bibliotekaren Katalogoan txertatu dira.

   Akademiak jakinarazi duenez, Bingen Ametzaga Getxoko Algortan (Bizkai) jaio zen, 1901ean, eta Caracasen hil, 1969an. Getxoko zinegotzi hautatu zuten 1931n eta Hezkuntza ministro izan zen Lehen Eusko Jaurlaritzan. Gaztetan ikasi zuen euskara.

   Espainiako Gerra Zibila piztu zenean Ingalaterra, Argentina eta Venezuelara erbesteratu zen, hurrenez hurren. Zuzenbidean lizentziaduna, Caracas eta Montevideoko unibertsitateetako irakasle izan zen. 1957ko uztailean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, euskara eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik.

   Ipuin, poesia eta narrazioak idatzi zituen eta 'Euskal-Esnalea', 'Euzko Gogoa' eta 'Egan' aldizkarietan argitaratu. Hala ere, itzulpengintzan nabarmendu zen; besteren artean, Oscar Wilderen "Reading Baitegiko leloa", William Shakespeareren "Hamlet. Danemark'eko" Erregegaya, Plinioren "Plini gaztearen idazkiak", Eskiloren "Prometeu burdinetan", Juan Ramon Jimenezen "Platero eta biok" edota Goetheren "Lur-miña" obrak euskaratu zituen.

   Bingen Ametzagari buruzko datu bio-bibliografikoak Xabier semeak bildu ditu aitari eskaini dion webgunean. Era berean, Editorial Xamezagaren webgunean idazlearen katalogo osoa kontsulta daiteke.