BIO klima-aldaketaren aurkako Bilboko bulegoak "ahalegin berezia" egingo du aurten sentsibilizazioan eta trebakuntzan

Actualizado: miércoles, 12 enero 2011 13:18

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

BIO klima-aldaketaren aurkako Bilboko bulegoak "ahalegin berezia" egingo du 2011. urtean informazioaren arloko profesionalak, elkarteak eta gazteak sentsibilizatzeko eta trebatzeko.

Herritarrek klima-aldaketaren aurkako jardunean parte har dezatela da BIOren helburu nagusietako bat, eta horretarako, fenomenoaren zergatiei eta ondorioei buruzko informazioa emango die eta trebatu egingo ditu fenomeno horri aurre egin ahal izateko. 2011ko jardueren programa taxutzeko orduan, beren-beregiko ahalegina egingo du prestakuntza eta sentsibilizazio alorretan.

"Gazteen jardunak aparteko garrantzia du klima-aldaketaren aurkako ekintzak gauzatzeko; izan ere, euren ohiturak aldatzen baldin badituzte, usadio horiek osteko belaunaldiek jaso ditzakete", adierazi du Julia Madrazo Bilboko Udaleko alkateordeak.

"BIOn badakigu kolektibo hori kontzientziatzeak leba handia duela eta Eskola Agenda 21 programan hartuko dugu parte, ikastetxeetan eta institutuetan erabiltzeko materialak prestatuta", gaineratu du.

Halaber, BIOk jostailuak birziklatzeko tailer bat egingo du, eta 3 eta 9 urte arteko umeen udako tailerretan ere hartuko du parte. Bestalde, klima-aldaketaren gaian komunikabideak egiten ari diren lanaz eta informazio hain berezitua zabaltzeak sarritan dakartzan zaitasunez jakitun da BIO, eta horregatik, kazetaritzako profesionalei aholkularitza eskaintzea erabaki du, jardunaldi batzuen bidez. Jardunaldiotan, klima-aldaketaren gaiaren inguruan, energia, mugikortasuna, hondakinen gestioa eta garraioa aztertuko dira.

Gainera, 2010ean abian jarritako ekimenari jarraipena emango zaio, eta Bilboko elkarteei klima-aldaketaren arloko prestakuntza eta sentsibilizazio-ikastaroak eskainiko zaizkie dohainik. Aztertuko den arazoaren sarrera egingo da aurrena; ondoren, bideo laburrak emango dira, eta taldeko dinamika erabiliko eta zuzendutako eztabaida ere egingo da.

Mugikortasun jasangarriaren garrantziaz kontzientziatzeko ahalegina egingo dute aurten kaleko hezitzaileek, garraioa baita Bilbon negutegi-efektua duten gasen emisioen eragile nagusietako bat. Horrela, bizikletak doan uzteko puntuetara joango dira, eta han informazioa zabalduko dute herritarren artean: bizikleten sistema automatikoa, bidegorrien sarea eta bizikletak garraio moduan duen garrantzia.

BIOk klima-aldaketari buruz bilbotarrek dituzten zalantzak argitzen jarraituko du 2011n bere bulegoaren bidez (Colon de Larreategui kalean), telefonoz (944 24 87 70), posta elektronikoaren bidez (bio@ayto.bilbao.es), web-orriaren bitartez (www.biobilbao.org) eta Facebook eta Twitter sare sozialetan. Astekariaren bidez ere emango da klima-aldaketari buruzko azken albisteen berri eta alternatibak partekatuko dira blogean (www.biobilbao.org/blog.php).

BALANTZEA

Herritarrek BIOren ekintzei "erantzun positiboa" eman dietela nabarmendu dute bere arduradunek. Proiektua 2009ko martxoan abian jarri zenetik, 1.500 lagun baino gehiagok egin dituzte kontsultak eta 1.000tik gora izan dira bulegoak antolatutako jardueretan parte hartu dutenak.

Gero eta arrakasta handiagoa dute BIO partaide duten beste programa batzuek ere, hala nola 'bookcrossing' eta 'Etxe Berdeak' programek. 'Bookcrossing' liburuak trukatzeako programan 600dik gora liburu jaso eta 500 bat "askatu" dira; "Etxe Berdeak" programan, berriz, 38 familiak hartu dute parte eta aholkuak eta iradokizunak eman zaizkie ingurumen-inpaktua gutxitzeko.

Bestalde, tresnak trukatzeko 'Biotrueke' (www.biotrueke.org) ekimenak ere arrakasta handia du, eta 7.000 bat bisita izan ditu.

Oso pozik agertu da Julia Madrazo BIOk lortutako emaitzekin. "Klima-aldaketaren aurkako Bilboko Bulegoak erronka berriei egingo die aurre klima-aldaketaren arazoaz herritarrak jabetu daitezen eta informazioa jaso dezaten", iragarri du.