BioCruces institutuak Ikerketa Bikaintasunaren Europako HR Zigilua lortu du

Actualizado: viernes, 24 febrero 2017 12:23

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Osakidetzako BioCruces ikerketa institutuak Europar Batasunaren HR Excellence in Researh Award (Ikerketa Bikaintasunaren HR Zigilua) jaso du. Zigiluak giza baliabideen arloko politika egokiak saritzen ditu, eta bere helburua da Europar Batasunean lan egiten duten ikertzaile guztiek printzipio esparru berdinaren arabera lan egitea.

Osakidetzak jakinarazi duenez, zentroak giza baliabideen politiketan etengabe hobera egiteko hartutako konpromisoa aitortu du HR Zigiluak, Ikertzaileen Europako Gutunarekin eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodearekin bat etorriz.

Kode horri esker, Europako ikerketa esparrua erakargarriagoa da, Europar Batasunean lan egiten duten ikerlari guztiak printzipio berdinen arabera jardutea baitu xedetzat. Printzipio horiei heltzen diete enplegatzaileek edota finantzatzaileek zein ikerlariek. Orotara, 29 printzipio dira, lau taldetan banatuta: Alderdi profesionalak eta etikoak, Kontratazioa, Laneko baldintzak eta Gizarte Segurantza, eta Prestakuntza.

Horri esker, Europaren eta zentro egiaztatuen ahalmen ikertzailea hobetu egiten da. Horrenbestez, Ikerketako Giza Baliabidetako Bikaintasunaren Zigilua giza baliabideetako politikak Charter&Code kodean zehaztutako printzipioekin lerrokatu dituzten ikerketa erakundeei emandako aitormen publikoa da.

BioCruces HR Excellence in Research eskuratu duen Espainiako Estatuko seigarren osasun ikerketarako institutua da (29 daude). Mª Luz del Valle Kudeaketa eta Antolaketako zuzendariak adierazi duenez, "plana BioCrucesean lan egiten duten pertsonen kudeaketako hainbat arlo hobetzeko lagungarria izatea espero dugu. Horretarako, harremanetan egongo gara Euskadiko eta Estatuko ikerketa institutuekin, baita nazioarteko erreferenteekin ere, eta ezinbestekoa izango da profesionalek parte hartzea".

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren estrategiaren barnean dagoen proiektu honen xedea Euskadin ikerketa eta berrikuntza indartzea da, ikerketa eta berrikuntza sendoak izanik sistemaren oraingo eta geroko eraldaketa premiei erantzun ahal izango zaielako.