Biodibersika 2011 jaialdiak 1.300 lagun bildu ditu Euskadiko Biodibertsitate Zentroan

Madariaga Dorretxearen inguruan ospatu zen jaialdia
EUSKADIKO BIODIBERTSITATE ZENTROA
Actualizado: martes, 7 junio 2011 18:39

BILBO, 7 Jun. (EUROPA PRESS) -

Biodibersika 2011 biodibertsitatearen aldeko musika jaialdiak 1.300 pertsona baino gehiago bildu zituen joan den larunbatean, ekainaren 4an, Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroan, Busturian (Bizkaia). Modu honetan, jaialdiaren bigarren edizioan bikoiztu egin da parte-hartzaileen kopurua, aurreko urtekoarekin alderatuta, "eta hori herritarrek ingurumenaren babesarekiko duten konpromisoaren adierazgarri da", jaialdiaren antolatzaile Ihobe sozietateak jakinarazi duenez.

Jaialdiak biodibertsitatearen garrantziaren gaineko kontzientziazioa sustatzea du helburu, eta, horretarako, musika erabiltzen da adierazpide gisa. Programak mota eta jatorri askotako musikak bildu nahi izan ditu ahal besteko aniztasuna lortzeko, eta, horrela, musikaren barruko berezitasunen, ñabarduren edo interpretazioen garrantzia erakutsiko da, gauza bera gertatzen baita biodibertsitatea osatzen duten gizabanako, espezie eta ekosistemekin.

Dozena bat taldek eta artistak baino gehiagok 15 orduz jo zuten jaialdian, hain zuzen ere, El Columpio Asesino, Kherau, Colajets, Enkore, Shisha Pangma, Zarra, Moncada 20, Kike Mora Jazz Trio, Pulsar, Chaotic Covers, Hey Neken, Masiompa eta Bermeoko Musika Eskola. Horrez gain, antolatutako tailerrei eta programei esker (dantza, txalaparta flamenkoa, material birziklatuz egindako instrumentuak, eta abar), bertaratuek ongi pasatzeko aukera izan zuten, helduek kontzertuez gozatu zuten eta txikiek tailerrez.

Bertaratutakoen mugikortasun jasangarria bultzatzeko, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak-Madariaga Dorretxeak doako autobus zerbitzu bat erabilgarri jarri zuen Bermeo, Gernika eta Bilbotik.

Gainera, stand guztietan produktu berrerabilgarriak erabili ziren, eta hori oso mesedegarria izan zen jardunaldi osoan inguruan garbitasuna mantentzeko. Horrez gain, papera, latak, plastikoa, beira eta zabor organikoa biltzeko eta birziklatzeko hainbat edukiontzi jarri ziren kanpoaldeko eremu osoan.

CO2 emisioak laster konpentsatuko dira zuhaitz- eta zuhaixka-landaketa batekin, landaketa zentroaren kanpoaldeko instalazioetan egingo da eta jakinarazi egingo da jasota gera dadin.

Jaialdiaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte-hartzaileei, bertaratutakoei eta lankide guztiei jaialdian egon den giro bikainagatik eta erakutsi duten gizabidetasunagatik.