Birminghameko Orkestra Sinfonikoa Kursaalen izango da bihar, Andris Nelsonsen zuzendaritzapean

Actualizado: sábado, 22 enero 2011 13:16

DONOSTIA, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Birminghameko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du bihar, iluntzeko 20:00etan hasita, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Andris Nelsonsen zuzendaritzapean, emanaldian Nikolai Lugansky pianista entzuteko aukera ere izango da, Kursaal Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez.

Andris Nelsons zuzendari gaztea etorkizun handiko zuzendaritzat jotzen dute gaur egun. Azken arrakasten artean aipagarria da 2010ean Bayreuthen izan duen harrera izugarria, Mahler-en "Lohengrin" lanarekin. Aurten, irailean, Luzernako jaialdian parte hartuko du, Royal Concertgebouw Orchestra-rekin.

Nelsons Birminghameko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da. Ingalaterrako orkestra zaharrenetako bat da Birminghamekoa, eta bertan zuzendari-lanetan jardun duten izen handien zerrenda da, hain zuzen ere, orkestraren alderdi aipagarrienetako bat. 1950eko hamarkadan Sir Adrian Boult izan zen zuzendaria, eta 1980koan, berriz, Sir Simon Rattle, gaur egungo Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendaria. Azken horrek 18 urtez zuzendu zuen Birminghameko orkestra, eta munduko orkestra garrantzitsuenetako bat bihurtu zuen.

Bestalde, Nikolai Lugansky izen handiko pianista da, maila handiko aretoetan jardun duena, hala nola New Yorkeko Lincoln Center, Berlingo Philharmonie eta Tokioko Suntory Hall aretoetan. Rachmaninoven interpretazioengatik da batez ere ezaguna, eta 2009-2010 denboraldian Royal Festival Hall-en parte hartu zuen Philharmonia Orchestra-rekin, musikagile horren sailetan. Igandeko kontzertuan, errusiar maisuaren "Pianorako 3. Kontzertua" interpretatuko du.