Birziklapena hobetzeko eta gaiaz kontzientziatzeko app bat aurkeztu du Arabako Aldundiak

Josean Galera app berriaren aurkezpenean
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 5 junio 2017 11:58

GASTEIZ, 5 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak gailu mugikorretarako aplikazio berri bat aurkeztu du. App berriaren helburua birziklatzeaz kontzientziatzea eta etxeko hondakinak hobeto bereizten laguntzea da. InfoRecikla.eus aplikazioak bi bertsio izango ditu, mugikorrerako aplikazioa eta ordenagailurako web orria, eta erabiltzaileentzat lagungarri izango da hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar duten jakiteko, era errazean.

Halaber, tresna digital berriak hondakinak bereizten eta sailkatzen lagunduko du, zalantzak argitzeaz gain, puntu berde mugikorraren ordutegiaren berri emango digulako eta gailua dagoen tokitik garbigune edo berrerabiltzekoen edukiontzi zurietara joateko biderik laburrena zein den ere esango duelako.

Gailu digital berriaren aurkezpenean Josean Galera Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua egon da. Birziklatze ohiturak hobetzera animatu ditu herritarrak, eta birziklatze ohituretan aurrera egiteko "premiazko beharra" nabarmendu du.

Galerak emandako datuen arabera, arabarrek gainerako hondakinen edukiontzira, hau da, edukiontzi grisera botatzen dituzten hondakinen erdiak organikoak dira, eta edukiontzi marroira bota daitezke, gero konpost bihurtzeko. Era berean, edukiontzi grisera botatzen denaren %18 ontziak dira, eta horiek edukiontzi horian egon beharko lukete. Paperari eta kartoiari dagozkien zifrak ere antzekoak direla aipatu du: edukiontzi griseko hondakinen %14k edukiontzi urdinean egon beharko luke, eta edukiontzi griseko hondakinen %5 inguru izan ohi da beira.

"Denok daukagu aukera nork bere harri koskorra ekartzeko klima aldaketa leundu dadin, gure ur masen kutsadura saihestu dadin, gure ingurunea babestu eta onik zaindu dadin, eta ziur nago aplikazio honek arabarrei ekarpen hori egiten lagundu ahal izango diela", esan du Galerak, amaitzeko.