Birziklapena sustatzeko kanpaina berria abiarazi dute Bilbon

Labirintoan sar daitezke bilbotarrak
Birziklapena sustatzeko kanpaina berria abiarazi dute Bilbon
Actualizado: lunes, 2 noviembre 2015 13:48

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udalak eta Ecoembes eta Ecovidrio enpresek "Birziklatzearen labirintoa" izeneko ingurumenaren arloko sentsibilizazio kanpaina berria jarri dute martxan. Areatzako pasealekuan jarritako instalazio baten bitartez, azaroaren 12ra bitartean ekintza berri bat gauzatuko da, plastikozko eta metalezko ontziak eta brikak, eta beira, papera eta kartoia bereizteko.

   Egurrezko paletekin egindako azpiegitura zeharo deigarria eta Areatzako zubitik eta hiriko erdiguneko leku batzuetatik ikusteko modukoa izango da. Kanpainaren dinamizatzaileak herritarrak gonbidatuko ditu parte hartzera eta labirinto horretara sartzera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era bitartean astegunetan eta 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara asteburuetan.

   Bere arduradunek adierazi dutenez, aurreko kanpaina guztietan bezala, helburua da adin guztietako jendea jabearaztea birziklatzeak eguneroko jardunean duen garrantziaz. Hartara, dinamika atsegina, ludikoa eta parte hartzekoa aukeratu da "jakin mina zirikatzeko eta herritarrak xaxatzeko labirintoaren barruan ibiltzeko".

   Parte hartzen duten pertsonek ezustekoz eta elementu deigarriz betetako ibilbidea aurkituko dute, ontziak modu egokian bereizteko ohiko mezuak jaso ahala. Birziklatutako materialez egindako hainbat gauza ikusi ahal izango dituzte modu grafikoan eta errealean; adibideak ere ikusiko dituzte, hala nola zenbat freskagarri txoletekin egin daitekeen bizikleten gurpil uztai bat, zenbat esne brik behar diren zapata kaxa bat egiteko edota zenbat zereal kaxa liburu bat egiteko.

   "Datu, konparazio, adibide eta mezu guztiak era atseginean aurkeztuko dira, abentura hutsa izan dadin Bilbon inoiz ikusi den ingurumenarekin gehien lotutako labirintoan sartzea", azaldu dute.

   Horrez gain, labirintoaren oinarrizko ibilbidean ontziekin eta frakzioen arabera koloreetan banandutako edukiontziekin lotutako panelak ipini dira. Barruko korridoreetan eta bihurguneetan pertsona batek dinamizatuko du ibilbidea eta galtzen derenei aurkituko dituzten tresnak, collageak eta gainerako elementuak azalduko dizkie. Modu ludikoan, adin guztietako pertsonak labirintoan sartu ahal izango dira bi ateetako edoizenetatik, kontrako aldekotik irteteko.

   "Kale itsuak" ere egongo dira, irteerarik gabekoak alegia, eta kaleotan familia batek hilean sortzen duen beirazko, paperezko eta kartoizko hondakinen kopurua eta ontzi arinak aurkituko dituzte. Gauez, labirintoko ibilbidea modu bitxian egingo da: antolatzaileek utzitako esku argiekin.