"Birziklapenean jaioak gara" sentsibilizazio kanpaina abiarazi dute Jaurlaritzak eta foru aldundiek, gaur, Plentzian

Edukiontzi marroia, hondakin organikoak birziklatzeko
Europa Press - Archivo
Actualizado: lunes, 20 agosto 2018 11:05

BILBO, 20 Ago. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek Plentziako (Bizkaia) hondartzan abiarazi dute gaur 'Birziklapenean jaioak gara' kanpaina. Antolatzaileen esanetan, "kontsumo arduratsuaren eta hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzearen bidez, herritarrak sentsibilizatzeko eta ekonomia zirkularraren prozesuetan parte harrarazteko ekimena" da 'Birziklapenean jaioak gara'.

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako elkarrekin egin duten lehen kanpaina da, eta sistema integratuko bi kudeaketa-erakunde nagusien laguntza du: Ecoembes eta Ecovidrio. Helburua da 2030. urtea baino lehen ontzien %*60 eta sortzen diren hondakinen %*70 birziklatzea; horrela, Europako Batasunak ezarri dituen kopuruak bete nahi dituzte.

Kanpaina, gutxi gorabehera, 30 herritara iritsiko da. Abuztuaren erdialdean hasiko da, hiru lurraldeetako 14 hondartza eta herritan, eta azarora bitarte beste hainbat herritara zabalduko da. Dena den, antolatzaileek diotenez, interesa duten herri gehiago ere bildu ahalko dira kanpainara.

Hala, Plentziaren ondoren, karpa ibiltaria honako hondartza hauetan izango da: Muskiz, Hondarribia, Sopela, Getaria, Garaioko bainu-eremua, Ereaga, Laga, Zarautz, Lekeitio eta Bakio, bai eta Eltziegon, Pasaian eta Zumarragan ere.

'Birziklapenean jaioak gara' kanpainaren karpa ibiltari handia goizez egongo da herritarrei irekita, 11.00etatik 14.00etara. Hiru atal ditu: erakusketakoa, ludikoa eta kanpoko jarduera. Herritarrek parte hartzeko modukoak izango dira, bi helbururekin: batetik, gehiago birziklatzeko, eta, horretarako, jendeak ez birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango zaie; bestetik, hobeto birziklatzeko, eta, horretarako, edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota utzi behar den azalduko zaie.

Gainera, ikasturtearen hasierari begira, ikastetxeetarako bisita gidatuak programatuko dira aurrez, lehen eta bigarren hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleentzat pentsatuak. Jaurlaritzako iturrien arabera, Euskadiren helburua da 2030erako sortzen diren hondakinen %10 gutxitzea eta %70 birziklatzea, bereizketa egokia eginda. Halaber, ontzien %60 birziklatzea dute helburu.