BiscayTIK NBEren Public Service Awards sarietako hautagaietako bat da

Actualizado: lunes, 14 enero 2013 11:47

BILBO, 14 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak udal administrazio elektronikorako abiarazitako BiscayTIK proiektua Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatutako UNPSA (United Nations Public Service Awards) lehiaketaren sarietako hautagai izendatu dute. Lehiaketa hori sektore publikoko bikaintasunaren aintzatespen handiena da munduan, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Toki-administrazioak teknologia berrien bidez modernizatzean datza BiscayTIK proiektua, eta Bizkaiko ehun udal eta mankomunitatetan baino gehiagotan dago ezarrita. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu honi esker, administrazio elektronikoak udal izapideak internet bidez egiteko ematen dituen aukerak baliatu ditzakete udalerriotako herritarrek. Era horretan, bizkaitark askok aukera dute ziurtagiri ofizial bat etxeko ordenagailutik bertatik eskuratzeko (esaterako, udal errolda bat), udaletxera joan barik.

Nazio Batuen Erakundeak 2003. urtean hasi zen sari hauek ematen, administrazio publikoan egiten diren ekimen interesgarrienak aintzatesteko. Foru erakundearentzat, Public Service Awards sarietarako izendapena nazioarteko "beste bultzada bat da" BiscayTIK proiektuarentzat, Europan punta-puntako proiektuak aintzatesten dituen European Project Awards saria ere jaso baitu.

Lehiaketaren ezaugarriak direla eta, parte hartzen duen erakundeaz beste erakunde batek aurkeztu behar du sariotarako hautagaitza. Kasu honetan, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak aurkeztu du BiscayTIKen hautagaitza, proiektuak Bizkaiko udal eta mankomunitateei dakarkien onura baloratu ondoren.

Beraz, izendapenak ekimena nazioartean lortzen ari den nazioarteko proiekzioa erakusten du. Horrez gain, hil honetan, BiscayTIKek Txileko Adolfo Ibañez Unibertsitateko Berrikuntzako Masterreko ikasleak hartuko ditu Getxon duen egoitzan, ikasle horiek interes handia baitute proiektua hobeto ezagutzeko.