Bisita antzeztuak izango dira datorren asteburuan Bilboko Zazpi Kaleetan

Ilustraziora iltzuliko dira bilbotarrak asteburuan
Bilboko Udala
Actualizado: lunes, 26 septiembre 2011 14:20

BILBO, 26 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bisita antzeztuak eskainiko ditu datorren asteburuan Zazpi Kaleetan, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren bitartez. Zehazki, egitasmoa irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an burutuko da, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

"Ilustratzen" ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatzen diren Ondarearen Jardunaldi Europarren barruan sartzen da. Jardunaldiak Europa osoan ospatzen dira, urrian zehar, herritarren artean kultura-ondarea ezagutaraztera bideratutako zenbait jardueraren bitartez.

"Ilustratzen..." Bilboko historiaz eta, batik bat, Ilustrazioaren garaiaz gozatzeko Hortzmuga konpainiaren "Anfitrioiak" lanaren proposamen bat da. Horrela, ikus-entzuleari Bilboko Alde Zaharrean zehar eskainiko den ikuskizun ibiltaria proposatzen zaio, bisita gidatu antzeztu bezala. Pertsonaiek iraganetik gaur egunera bidaiatzera gonbidatuko dituzte herritarrek, hiribilduaren historia deskubrituz. Garai hartara itzultzeko eta garai hartako jendeak beren testuinguru historikoan, sozialean, ekonomikoan eta politikoan ezagutzeko irudimenezko formula da.

Ibilbideak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, eta San Nikolas plazatxoan hasi eta Plaza Barrian amaituko da, Ilustrazioarekin erlazionatutako Bilboko 12 leku inguru bisitatu ondoren. Leku horien artean daude Yohn, Allende Salazar, Gortazar eta Gomez de La Torre jauregiak, Erriberako arkuak, San Nikolas eliza edo XIX. mende hasierako zenbait etxebizitza pribatu.

Ibilbide antzeztuak maisu-gidari bat izango du, eta bera izango da hiribilduan gertatutakoaren berri emango duena, olerkien eta jolas fonetikoen bitartez. Horrez gain, maiordomoak eta balkoia duen gurpildun egitura mugitzeaz arduratuko diren bufoiak ere egongo dira. Egitura horretan mugituko da bisitaren gidaria, eta bertan antzeztuko ditu bere azalpenak.

Bisitak gaztelaniaz eta euskaraz izango dira, eta irailaren 30ean arratsaldeko 18:00etan eta urriaren 1ean eta 2an eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 18:30etan izango dira. Jarduera doakoa izango da eta nahi duen guztiak joan ahal izango du.