Bisitarien kopuruak gora egin du EHUk egindako Unibertsitate-Orientaziorako Azoketan

EHU
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
Actualizado: martes, 1 febrero 2011 15:07

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolaturiko Unibertsitate-Orientaziorako Azokak bukatu dira, eta bisitarien kopuruak gora egin du campusetan egindako hitzorduetan, Gipuzkoakoan izan ezik, EHUko iturriek jakinarazi dutenez. Horrela, joan den larunbatean bukatu ziren azokak, Bizkaiko campusean egindakoarekin. Horrela, guztira 6.372 bisitari izan dira hiru azoketan, 2010ean 5.500 izan ziren bitartean.

Campuska, Gipuzkoakoa urtarrilaren 15ean egin zen azoka eta 2010eko 2.100 bisitarietatik aurtengo 1.972ra pasa da; Arabako campusak urtarrilaren22an ospatu zuen ekitaldia, 1.200 ikaslegaien partaidetzarekin (2010ean, 1.100 ikasle joan ziren Azokara); Bizkaiko campusean 3.200 bisitariren galderak erantzun zituzten teknikariek joan den larunbatean, eta iaz, berriz, 2.300 bisitari izan ziren.

Azoka horietan, EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza eman diete ikasleei, bai EHUk eskainiko dituen gradu guztien gainean, bai eta unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere. Azokak zituen 27 postuei gehitu zitzaien aurten sortutako beste bi berri: graduondoko eskaintzarena eta mugikortasun programena.

EHUk urterik urtera Sarbiderako Programaren barruan burutu ohi dituen jardueren barruan kokatu behar dira azoka hauek, unibertsitate aurreko ikasleek ikasketak aukeratu baino lehen ahalik eta informaziorik zabalena izan dezaten. Azoka hauek, hain zuzen, programaren bigarren fasean kokatzen dira, izan ere programa urrian eta azaroan zehar Batxilergo eta goi Mailako Hezkuntza Zikloetako orientatzaileei zuzenduriko topaketa batzuekin hasi zen. Programa martxoaren 14tik 17ra egingo diren Ateak Zabaltzeko Egunekin bukatuko da.

"Unibertsitatean oso positibotzat jotzen ditugu Orientazio Azoka hauek; izan ere, hiru campusetako jendeak, urtetik urtera, geroz eta gehiago parte hartzen du Azoka horietan. Eta horren lekuko dugu autonomia erkidego mugakideetatik datozen ikasleak geroz eta gehiago izatea", adierazi du EHUko Ikasleen errektoreorde Elena Bernarasek.

Halaber, egindago informazio-saioetan ere "oso parte-hartze handia" izan dela nabarmendu du. "Aurten, gainera, unibertsitateak beste bi erakusmahai jarri ditu: bata, graduondokoen eskaintzari buruzkoa; bestea, berriz, mugikortasun-programei buruzkoa. Bi horiek, hain zuzen, lehendik zeuden 27 erakusmahaien alboan izan dira. Horri guztiari esker, beraz, arrakasta itzela izan dugu antolakuntzari eta parte-hartzeari dagokienean", azpimarratu du.