Bizkaian iaz egin ziren biltzar guztien %11 EHUren Bizkaia Aretoan egin ziren

Bizkaia Aretoa
Foto: EHU
Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 16:25

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Bilboko Abandoibarran Bizkaia Aretoan egin ziren 2014. urtean Bizkaian antolatu ziren biltzar guztien %11, "lurraldean mota honetako jarduerak hartzen dituzten egoitzen artean postu garrantzitsuenetan kokatuz", EHUko iturriek azpimarratu dutenez.

   Zehazki, 2014an 478 ekitaldi ospatu ziren Bizkaia Aretoan, aurreko urtean baino ehun bat gehiago; beraz, %23 hazi da kopurua. Horien guztien, 31 biltzar (14 nazioartekoak), 263 jardunaldi eta konferentzia, 28 ikuskizun eta 30 erakusketa izan ziren.

   Halaber, 44.000 lagun inguruk parte hartu zuten ekitaldiotan, eta erabiltzaileek gogobetetasun inkestak bete zituzten, instalazioen kalitatea eta eskaini zaien zerbitzuari puntuazioa emanez, eta Bizkaia Aretoak lortu zuen batez besteko nota 9,32koa izan da.

   Bestalde, 2014an Bizkaia Aretoak dituen eremu desberdinen 1.328 erreserba egin ziren, eta horrek %96ko okupazio indizea eta egunean batez beste 4,7 aretoren erabilera suposatu zuen. EHUk antolatu zituen ekitaldi guztien %81.

GORANTZA

   Hector Hernando Bizkaia Aretoko zuzendariaren ustez, "erabiltzaileei lehen mailako prestazioak eta kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen die Bizkaia Aretoak. Eta hori islatzen da bai urterik urtera gorantza doan ekitaldien kopuruan zein horien aniztasunean ere. Gainera, EHUren egoitza hau izaten ari den estrategia inpaktua oso positiboa da, 2011n inauguratu zenetik %300 inguru igo baita unibertsitateak berak arlo honetan Bizkaian burutu duen jarduera".

   Halaber, Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "abian daramatzan lau urteetan, Bizkaia Aretoak goranzko ibilbidea eraman du eta unibertsitateko zein unibertsitateaz kanpoko Bilboko eta Bizkaiko kultur eskaintzaren eta biltzar eta bileren antolaketaren erreferente nagusietako bat bezala finkatu da".

   "Jarduera zientifiko eta kulturalez osatutako egitarauarekin -gaineratu du Garitaonandiak-, Bizkaia Aretoak zuzenean lagundu du unibertsitatearen helburu nagusietako bat gauzatzen, hau da, ezagutzaren zabalkuntza eta zientziaren garapena eta difusioa".

   Bizkaia Aretoa Alvaro Siza 1992an Pritzker saria irabazitako arkitekto portugaldarrak diseinatutako eraikina da. BBK-k laga zion eraikina Euskal Herriko Unibertsitateari.

   Bilboko gune enblematiko batean kokatuta, Abandoibarran, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean, Iberdrola dorrearen itzalean, Bizkaia Aretoak lau entzunareto ditu (Mitxelena, 440 tokirekin, Baroja, 160rekin, Oteiza, 90ekin, eta Arriaga, 65ekin), lau erakusketa gela (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa, guztien artean 500 metro karratu baino gehiago dituztenak), hainbat bilera gela, 400 metro koadro dituen hall bat eta Abandoibarra pasealekura begira dagoen lorategidun terraza bat, Mentxu Gali eskainia.