BizkaIdatz literatura sariek badituzte irabazleak

Actualizado: miércoles, 23 abril 2014 17:12
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaIdatz literatura sarien seigarren edizioko irabazleen izenak jakinarazi ditu gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna: Uxue Agirre Madariaga euskarazko kategorian eta Elena Fernandez Alonso gaztelaniazkoan.

   Sariaren originaltasuna da parte hartzaileek kontakizun bat idatzi behar dutela bi euskal idazlek proposatutako hasieratik abiatuta, eta aurtengo edizioan, Yurre Ugartek ("Ordezko kazetaria") eta Esther Zorrozuak ("Dos anémonas azules") idatzi dituzte hasierako kontakizunak.

   Foru erakundetik jakinarazi dutenez, euskarazko kategorian, Uxue Agirre Madariaga bilbotarrak eskuratu du lehen saria, Yurre Ugartek proposatutako "Ordezko kazetaria" kontakizun bukatu gabean hasita osatu duen istorioarekin. Bigarren sariari eta obra finalistari dagokienez, saria eman gabe geratu da. Epaimahaian Yurre Ugarte bera eta David Tijero Osorio eta Ana Urkiza idazleak izan dira.

   Gaztelaniazko kategoriako irabazlea Barakaldoko Elena Fernandez Alonso izan da. Esther Zorrozua, Ivan Repila eta Alejandro Fernandez Aldasoro idazleek osatutako epaimahaiak erabaki du bigarren saria Jose Ignacio Ceberiori ematea, eta Sorkunde Barandiaranen eta Pilar Pallaresen kontakizunak ex aequo finalista izendatzea.

   Aurtengo edizioan bikoiztu egin da jasotako kontakizunen kopurua: 85 jaso dira (74 gaztelaniaz eta 11 euskaraz), eta horietatik 55 emakumeenak izan dira eta 30 gizonek idatzitakoak. Gaztelaniazko kontakizunetatik 46 emakumeek idatzi dituzte eta 28 gizonek, eta euskarazkoetan, berriz, bederatzi emakumek eta bi gizonek.

   BizkaIdatz sariaren irabazleek 1.500na euro jasotzen dituzte, eta bigarrenak, 500na euro. Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko editatutako liburu batean argitaratuko dira kontakizunak. Sari banaketa maiatzaren 8an izango da, Bizkaiko Foru Liburutegiko areto nagusian.

   Lehiaketaren aurreko edizioetan hasierako kontakizunak idatzi zituzten idazleen artean daude Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Katixa Agirre eta Goizalde Landabaso euskaraz, eta Nerea Riesco, Maria Eugenia Salaverri, Oscar Alonso, Alex Oviedo eta Juan Carlos Marquez gaztelaniaz.