Bizkaiko 327 ustiategik bat egin zuten iaz abeltzaintza ustiapenentzako aholkularitza programarekin

Bizkaiko Aldundiak iazko aholkularitza programen emaitzak eman ditu
Foto: AGF
Actualizado: martes, 11 febrero 2014 13:19

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko 327 abeltzaintza ustiategik bat egin zuten 2013. urtean Abeltzaintza Ustiapenak Aholkatzeko Foru Programarekin. Bizkaiko Aldundiko Nekazaritza Sailak 145.000 euro erabili ditu higiene, elikagaien segurtasun eta hobekuntza genetikoko programak ezartzeko, jardueren profesionalizazioaren helburuari lotuta.

   Esnearen higienearen kalitatea zaintzea, jardunbide egokien gidaliburuak ezartzea eta behi, ardi eta ahuntz azienden ustiategietan garatzen den ugalketa kontrolatzea izan ziren joan den urtean Bizkaiko Aldundiaren laguntzek estali zituzten beste helburu batzuk, Irene Pardo Nekazaritzako diputatuak jakinarazi duenez.

   Programa horien xede diren ustiategiak esnetarako, okelatarako eta gizentzeko behi aziendak, ardi aziendak eta ahuntz azienda dituztenak dira. Jarduketa arloak honako hauek dira: abereen identifikazioa eta erregistroa, abereen sendagaiak, osasunaren kudeaketa, ugalketa programak eta esnearen higiene kalitatea.

   Pardoren ustez, jardunbide egokien gidaliburuak pixkanaka-pixkanaka ezartzeko lanean aurrera egin behar dela. "Abeltzainek aurre egin behar diote lan sistemak osasunaren betekizun berrietara egokitzeko prozesuari, elikagaien ekoizpeneko erantzule gisa erabat integratzeko asmoz. Beraz, beharrezkoa izango da ekoizleek beharrizan berrietara egokitzen lagunduko dieten aholkularitza eta tresnak izatea", azaldu du.

   Aholkularitza erakunde ospetsua den aldetik, Lorrak 87/2013 Dekretuan ezarritako aholkularitza zerbitzuak eman ditu 2013an Bizkaiko 327 ustiategitan, ustiategiko albaitarien laguntzaz. Ustiategi horien barnean, esnetarako behi azienden ustiategi guztiak, ACOLera atxikitako ardi azienden ustiategiak eta okelatarako behi azienden ustiategi nagusiak daude.

GAIAK

   Aholkularitza zenbait gai ezberdinen ingurukoa izan zen. Horrela, lehen mailako ekoizpeneko higienearen arloko aholkularitza eman zen. Elikagai osasungarriak eta kalitatekoak ekoizteko ardura duten aldetik, abeltzaintza ustiategiak elika kateko kontrol programetan erabat integratu ondoren, arlo horretako aholkularitzak ustiategian ezarri beharreko higienearen eta jardunbide egokien baldintzak (adibidez, abereen sendagaien kudeaketa ona, trazabilitatea, gaixotasunen jakinarazpena) ezartzen lagundu zitzaien abeltzainei.

   Halaber, ugalketaren arloko aholkularitza ere eman zen. Abereen ugalketa abeltzaintza ustiategien errentagarritasuna hobetzeko funtsezko aldea eta, aldi berean, osasun arazoen eta arazo zoonosikoen ohiko iturria izanda, arlo horretako aholkularitzak, ustiategiko albaitariaren bidez ematen denak, abeltzaintza ekoizpenaren eraginkortasuna eta optimizazioa bultzatzen eta hainbat patologiari aurre egiten laguntzen du. Programak kontrolpeko 7.000 behi baino gehiago bildu zituen.

   Azkenik, esnearen kalitatearen arloko aholkularitza eman zen. Merkaturatzen den esneak higienearen eta hondakinik ezaren arloetan kalitate parametro batzuk bete behar ditu, eta kalitatezko esnea lortzeko, garrantzitsua da aholkularitza ematea jezteko jardunbide egokietan, makinen mantentze lanetan edo errapeetako infekzioen kontrolean. Programaren bidez lortu nahi zen helburua kalitatearen inguruko arazoren baten bat duten ustiategietan aholkularitza ematea zen, eta programak esnetarako behiak zein ardiak barne hartu zituen 100dik gora ustiategitan.