Bizkaiko 72 enpresak 9,9 milioiko zerga kenkariak lortu dituzte 2013 eta 2015 artean, ingurumen proiektuak garatzeagatik

Actualizado: martes, 3 enero 2017 15:13

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak 9,9 milioi euroko kenkariak (%15) aplikatu dizkie Sozietateen gaineko Zergan 2013 eta 2015 artean, garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza zein energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa lortzera zuzendutako inbertsioak egin ondoren ingurumen egokitasunaren ziurtagiria lortu duten 72 enpresari.

Mota guztietako enpresak izan dira -hala lokal komertzialak nola automozioan edo hondakinen birziklatzean diharduten enpresak-, eta guztira 236 proiektu aurkeztu dituzte. Proiektu gehienak (132) energia berriztagarriak erabiltzearen eta eraginkortasun energetikoaren ingurukoak zein hondakinak minimizatu, berrerabili eta balorizatzearen ingurukoak (57) izan dira.

Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, proiektu horiei guztiei esker "hobekuntza nabaria" lortu da, esaterako, CO2ren isurketak murrizteari dagokionez. Izan ere, 2015eko ekitaldiari soilik begiratuta, ingurumen egokitasunaren ziurtagiria lortu zuten enpresek egindako inbertsioen ondorioz hala isurketen 6.354,62 tona murriztu ziren.

Bukatu berri den urtean 75 proiektuk lortu dute ziurtagiria: batez ere energia berriztagarriak erabiltzearen eta eraginkortasun energetikoaren inguruko proiektuak (45) zein hondakinak minimizatu, berrerabili eta balorizatzearen ingurukoak (27) izan dira. Gainerako hiru inbertsioak ur kontsumoa minimizatu eta ura araztearen ingurukoak izan dira.

Ingurumen egokitasunaren ziurtagiria eskuratzen duten enpresei %15eko kenkaria aplikatzen zaie Sozietateen gaineko Zergan. Edozein ekoizpen sektoretako enpresak izan daitezke, baina sozietate egoitza Bizkaian izan behar dute. Hobariok lortzeko, proiektua Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailean aurkeztu behar dute, eta sail horrek egin beharreko inbertsioa zein horrek eragingo dituen ondorioak aztertzen ditu, erabakitzeko ingurumen egokitasunaren ziurtagiria lortzeko baldintzak betetzen dituen ala ez.

BALDINTZAK

Horretarako, eta ziurtagiria eskatzeko aurkezten den proiektuaren motaren arabera, besteak beste, honako alderdi hauek aztertzen dira: zer ekoizpen prozesutan eragiten duen hondakinak minimizatzeko egindako inbertsioak eta zer teknika erabiltzen den horretarako; zer inbertsio egiten diren enpresaren mugikortasun iraunkorra bultzatzen duten aktiboetan, enpresak "mugikortasun iraunkorrerako planak" edo "enpresa garraiorako planak" izan zein ez.

Halaber, espazio naturaletako ingurumena leheneratzeko egiten diren jarduketak ondare naturala eta ingurumen zerbitzuak hobetzeko diren, eta horretarako, espazioak leheneratu, biodibertsitatea sustatu eta ekosistemen funtzionamendu ekologikoa hobetzen duten; ura arazteko inbertsioek ur masen kalitate ekologiko ona lortzen laguntzen duten; edota energiaren intentsitatea edo energiaren kontsumo txikiagoari begira zer hobekuntza lortzen den ekipoak edo elementuak ordeztuz ere aztertzen dira.

Proiektuek ingurumen egokitasunaren ziurtagiria lortu ondoren, enpresek Ogasun eta Finantza Sailean aurkeztu behar dituzte, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 65. artikulua zehazten den %15eko kenkaria aplikatu ahal izateko.