Bizkaiko Aldundiak 17,5 milioi euro erabiliko ditu aurten enplegua sortu eta talentua sustatzeko

Imanol Pradales plana aurkezten
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 20 enero 2014 13:45

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiak 17.500.000 euro erabiliko ditu aurten 2012-2015 Enplegurako Planaren baitan enplegua sortu eta talentua sustatzeko zuzeneko laguntzetan, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak astelehen honetan iragarri duenez.

   Programa honi esker, 1.937 pertsonek lanpostu bat lortu zuten iaz, foru erakundeak sustatutako ekimenen bidez. Gainera, 2013. urtean, 1.322 gaztek parte hartu zuten Aldundiak diruz lagundutako hobekuntza programetan, ikasketa praktiketan eta beketan.

   Pradalesek azaldu duenez, Bizkaian enplegua sortzeko eta finkatzeko bideratutako jarduerak bi multzotan daude egituratuta: batetik, lanpostuak sortzeko zuzeneko laguntzak daude, foru inbertsioaren kopururik handiena jasotzen dutenak, eta, bestetik, talentua sustatzekoak. Aurten, esan bezala, 17.500.000 euro erabiliko dira 2012-2015 Enplegurako Planaren baitan dauden programetarako.

   Horrela, Enplegurako Planaren aurrekontua handitu egingo da aurten, bost milioi euroko aparteko funts berri baten bidez, eta horrek bermatuko du jarduera berriak garatu ahal izatea eta orain daudenak handitzea. Plana lau jarduera arlok osatzen dute: enplegurako eta eskualdeen suspertzerako planak (1.500.000 euro), Lan Berri programa (1.125.000 euro), 39 urte arteko gazteen kontratazio mugagabea (1.125.000 euro) eta Talentia bekak (250.000 euro).

   Prentsaurrekoan, 2014ko dekretuetan sartu diren berrikuntza nagusiak aurreratu eta 17.500.000 euroko inbertsio osoa iragarri ditu Pradalesek. Berrikuntzen artean programa berri bat sortu da: iraupen luzeko langabeei zuzendutako Lan Berri.

   Gutxienez sei hilabeteko iraupena duten lanaldi erdiko kontratuak lagunduko ditu foru erakundeak, gehienez ere urtebetez, eta soldata gordinaren %30 eta %50 artean lagunduz. Programa horrek 1.125.000 euro inguruko aurrekontua izango du eta trebakuntzaren aurretiko diru laguntzak jasotzen ditu, gehienez ere 50 orduko eta 1.000 euroko mugekin. Martxoaren 15etik urriaren 31ra bitartean eska daitezke laguntzok eta urtarrilaren 1etik eta eskabideetarako ezarritako epearen azken egunaren artean egindako kontratuetarako izango dira.

GAZTEAK

   Bestalde, 2014ko dekretuetako bat osorik gazteen enplegua bultzatzeko izango da, 30 urte arteko gazteentzako bi kontratu motarekin: praktiketako kontratua, 6 edo 12 hilabetekoak, eta kontratu mugagabeak.

   Diru laguntzak 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31ra bitartean egindako praktiketako kontratuetako urteko soldata gordinaren %30eraino ordainduko du, gehienezko muga hauekin: 90.000 euro erakunde onuraduneko eta 9.000 euro kontratuko. Autoenplegurako programak ere gazteei zuzenduta daude, enpresa edo lanbide jarduerak abiarazteko inbertsio zehatzetarako, hain zuzen ere.

   Talentuaren sustapenaren arloan, berriz, bikaintasuneko trebakuntza lagunduko da, lanbide hobekuntzako ikastaroak eginez atzerrian, ospe handiko nazioarteko zentroetan, edo Euskadiko unibertsitate batekin batera elkarlanean, bai eta Bizkaia Sortzaile programaren barruko jarduera-sektoreetako (moda, produktuen diseinua, ikus-entzunezkoak edo bideojokoak) enpresetan praktikak eginez ere.

60 MILIOI

   Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012-2015 Enplegurako Planak legealdi osorako 60 milioi euroko inbertsioa jasotzen du, guztira, 35 enpleguaren sustapenerako eta 25 talenturako eta enplegagarritasuna hobetzeko.

   2014ko aurrekontuko 17.500.000 euroetatik, 12.500.000 euro zuzenean enplegurako izango dira eta 5.000.000 euro talentuaren sustapenerako.  Inbertsio honen bidez lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira: 600 gazterentzako kontratuak, iraupen luzeko 150 langabeentzako kontratuak, autoenpleguko 1.650 ekimen berri, Talentiako 50 beka, 1.250 gazte lanbide hobekuntzako programetan sartuta, hamar gazte nazioarteko praktiketan eta 25 profesional edo ikerlari lortuta.

   Pradalesek azaldu duenez, "enplegurako plan hau asmo handiak dituen baina, aldi berean, oso beharrezkoa den erronka bat da, eta haren bidez erakunde honek enpleguarekin eta talentuarekin duen konpromisoari eutsi eta eraberritzen dugu".

   "2014. urtea urte garrantzitsua dela, are gehiago, esango nuke zirt edo zart egitekoa dela gure egunerokotasunean ingurune ekonomiko finko eta erabilgarria eta enplegua eta aberastasuna sortzen dituena sustatzea funtsezko helburutzat dugunontzat".