Bizkaiko Aldundiak 20 milioi euro banatuko ditu diru laguntzetan ETEen artean

CEBEKekin izandako topaketa batean eman du Pradalesek laguntzen berri
BIZKAIMEDIA
Actualizado: viernes, 19 febrero 2016 13:25

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) zuzeneko diru laguntzak onetsi ditu, eta guztira, 20 milioi euro bideratuko ditu berrikuntza, nazioarteratze, inbertsio, kooperazio eta talentu planetara.

Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak zehaztu ditu Bizkaiko enpresa sarearen hazkundea berrindartzeko, sektore batzuk nazioarteko erreferentzia modura sendotzeko eta aliantza estrategikoak ezartzeko diru laguntzak, CEBEK patronaleko enpresariekin izandako bileran.

Zehazki, sei diru laguntza multzo emango dira hazteko beharra duten Bizkaiko ETEei erantzuteko, Bizkaiko enpresa sarearen hazkundea berrindartzeko, zenbait sektore nazioarteko erreferente bilakatzeko eta aliantza estrategikoak ezartzeko.

Lehenik eta behin, berrikuntzarako diru laguntzei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak 6,5 milioi euro banatuko ditu 2016an, hiru programaren bitartez: berrikuntza sustatzeko programa, Kudeabide (ETEetan kudeaketa aurreraturako proiektuak babestea; Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiekin eta Euskalitekin lankidetzan) eta berrikuntza estrategikorako programa (Bizkaian berrikuntza eta ikerketa sistemaren eragile dinamizatzaileek bultzatutako jarduketa estrategikoak babestea). Horrez gain, azterketa teknologikoen programa pilotu bat gauzatuko da; enpresa txikiei zuzenduta dago, berrikuntzara hurbiltzen saiatzeko.

Inbertsioari dagokionez, urte honetan zehar 2,7 milioi euro inbertituko dira bi programatan: AFIPYME (enpresa industrialek ekoizpenerako dituzten ekipamenduak modernizatu, hobetu eta handitzeko, 4.0 industriara pasatzen laguntzeko) eta AFA (autonomoek eta mikroenpresek ibilgetu materialean inbertitzeko laguntza, jarduera ekonomikoa hobetzeko, handitzeko edo berritzeko). Bi programa horiek inbertsioaren kapitalerako (eta ez mailegu baten interesetarako) zuzeneko diru laguntza ematen dute. Gainera, Industry 4.0 teknologietarako diagnostikoen programa pilotu bat gauzatuko da, ETEei zuzendua.

Nazioarteratzeko diru laguntzen baitan, 2016 ekitaldian, 5,1 milioi euroko aurrekontuarekin, ETEak nazioarteratzeko programa bultzatuko da, beste herrialde batzuetara sartzeko proiektu berriak babesteko. Beste herrialde batzuetako enpresekiko edo Bizkaiko ETEen arteko kooperazio tekniko, komertzial edo finantzariorako Nazioarteko Partzuergoen programa ere bultzatuko da, enpresa horiek guztiak batera kanpora ateratzeko.

Berritasun modura, aurten gastu berriak onartu dira, esate baterako, langile espezializatuak sartzetik edo helmugako herrialdeetan profesionalak kontratatzetik eratorritakoak. Modu berean, "Bizkaia World" estrategia garatuko da, Bizkaiko enpresek nazioarteko lizitazio eta lehiaketetara sarbidea izateko. "Bizkaitext" aholkularitza zerbitzua ere garatuko da.

Bestalde, 1,75 milioi euro bideratuko dira ETEentzako 3i programa berrira, lehiakortasuna hoetzeko eta hazkuntzarako proiektu estrategikoak babesteko. Gehienez 500.000 euroko diru laguntza emango zaio enpresa bakoitzari.

ELKARLANA ETA TALENTUA

Bizkaiko Aldundiak bultzatu nahi duen beste alderdi bat enpresen arteko lankidetza da. Horretarako, 2016an zehar 1,23 milioi euro bideratuko dira, Elkarlanean programa garatzeko. Programa horren helburua lankidetza bultzatzea da, enpresen arteko berrikuntzarako.

Talentua izango da landuko den azkeneko aspektua eta 2,6 milioi euro bideratuko dira horretara, zenbait programaren bidez, hala nola Bizkaia: Talent Elkartea, talentua hautemateko, erakartzeko eta atxikitzeko; Location & BeBasque Dual Career Centre: guztiz gaituta dauden eta lanera Euskal Herrira datozen profesionalentzako harrera zerbitzua; ikerketarako diru laguntzen programa: guztiz gaituta dauden eta nazioarteko esperientzia duten profesionalak Bizkaiko enpresetan sartzen laguntzeko.

Halaber, Talentia programa ere lagunduko da, Euskadiko hiru unibertsitateetan ahalmen handiena duten ikasleei zuzenduta, laneratzen eta profesionalki garatzen laguntzeko, bai eta "Be Basque Talent Network" ere, talentua, profesionalak eta enpresak Bizkaiarekin eta oro har Euskadirekin konektatzeko eta lotzeko web plataforma.