Bizkaiko Aldundiak 370.000 euro emango dizkio lurraldeko antzoki sareari

Arriaga antzokia, Bilbon
Europa Press
Actualizado: martes, 23 mayo 2017 13:05

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an zehar antzerki, dantza eta musika arloko ikuskizunen egitarauak prestatzeko diru laguntzen deialdia onartu du astearte honetan, kulturaren diziplina guztiak sustatu eta hedatzeko hartu duen konpromisoaren barruan. Aurtengo ekitaldian, laguntzok 370.000 euroko aurrekontu saila dute, eta Sarean sartuta dauden Bizkaiko udal, udal erakunde autonomo, udal sozietate publiko eta udal fundazio publikoentzat izango dira.

Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez, Euskadiko Antzoki Sarea (Sarea) orain urte batzuk eratu zen, ikuskizun eszenikoak zabaldu eta jendaurrera hurbiltzeko ahaleginak bateratzeko.

Xedea da udalek zuzenean edo udal erakunde autonomo, udal sozietate publiko edo udal fundazio publikoen bidez egiten dituzten programazioetan laguntzea eta programazio horietarako laguntzak ematea, jarduera horrek Bizkaiari dakarkion garapen kultural eta ekonomikoaz jabetuta.

Diru laguntzen eskaerak Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Kultur Ekintzako Zerbitzuan aurkeztu ahal dira (Bilboko Rekalde zumardia 30, 2. solairua), edo, bestela, Bizkaiko Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, uztailaren 3tik irailaren 15era (biak barne).