Bizkaiko Aldundiaren 3i programak 25,4 milioi euroko balioa duten 15 proiektu berri lagunduko ditu

Navacel enpresara egindako bisita
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 8 junio 2017 16:58

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak inbertsioa, berrikuntza eta nazioarteratzea era integralean laguntzeko 3i programan parte hartzeko lurraldeko enpresek aurkezturiko 45 proiektuetatik 15 hautatu ditu. Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak jakinarazi duenez, hautatu diren 15 proiektuek 25,4 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute eta, enpresek egin dituzten aurreikuspenen arabera, 75 lanpostu berri sortuko dituzte.

Programak enpresa parte hartzaileengan izango duen eraginari dagokienez, 2019ra arteko fakturazio agregatuan 31,2 milioi euroko hazkundea izango dute, eta 20,5 milioi eurokoa esportazioaren atalean. Kopuru horiek enpresek euren proiektuei ekiteko aukera izanez gero aurreikusi dituztenak dira.

Enpresa parte hartzaileen arteko 13 sektore industrialekoak dira (automozioa, ekipo ondasunen fabrikazioa, transformazio metalikoa, sare elektrikoetako elementuen ekoizpena). Beste bi proiektuak bioteknologiakoak dira, farmakoen eta analisi ekipoen ekoizpenean jarduten duten enpresenak. Fabrika berriekin, teknologia inbertsioekin, produktu berriekin eta balio erantsi, sentsorizazio edo diseinu prozesuekin eta negozio unitate berrien sorkuntzarekin haztea da helburua.

Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak 2016an jarri zuen abian 3i programa. "Hazkundean eta enpleguan eragin handia izan behar zuten proiektuentzako 500.000 eurora arteko diru laguntzen lehen ildo bezala sortu zen. Agian ezagunenen artean ez dauden baina handi izatera deituta dauden konpainientzako programa da, guretzat ezkutuko txapeldunak diren enpresentzat. Hori da 3i. Lehen deialdiak oso argi frogatu zigun, eta aurten areagotu egin dugu programaren aldeko apustu hori eta zabaldu egin da aurrekontua, 4,8 miloi eurora arte", Pradalesek azaldu duen moduan.

Pradalesek 2016an 3i proiektua aurkeztu zuen Navacel enpresara egindako bisitan jakinarazi ditu datuak. Proiektu horren bidez negozio ildo berria sortu nahi zuen Navacel enpresak eguzki energiaren sektorean. Azken urtean, Navacelek kontratazio berriak egin ditu ezagutza espezializatua sartzeko, inbertsio berriak egin ditu makineria parkean eta merkatu berriak irekitzea lortu du.