Bizkaiko Batzar Nagusiek ekainaren 13an egingo dute eraketa-batzarra, Gernikako Batzarretxean

Bizkaiko Batzar Nagusiak ekainaren 13an eratuko dira
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Actualizado: miércoles, 8 junio 2011 16:21

BILBO, 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2011-2015 legealdiko eraketa-batzarra egingo dute Gernikako Batzarretxean ekainaren 13an, horretarako epea zabalik geratu baitzen maiatzaren 22ko hauteskudeetan hautatutako batzarkideen herenak joan den astelehenean batzarkide-agiria aurkeztu zutenean. Eraketa-batzarraren hasierako mahaiburu Batzorde Iraunkorreko lehendakari Ana Madariaga izango da, erakundeko iturriek adierazi dutenez.

Batzar Nagusiak eratzeko prozesua erakundearen Araudian xedatutakoa izango da: Batzar Iraunkorreko idazkariren batek deituko ditu batzarkide agiridunak, agiria aurkezten lehenengoa izan zenetik hasi eta azkenengora arte. Deia egitean, batzarkideek bertan direla banan-banan adierazi eta, lehendakariaren eskariz, dagokien lekuan eseriko dira, eskatzen zaizkien eginbeharrak beteko dituzten adierazgarri eta Batzar Nagusietako Araudian aitortzen zzizkien eskubideen erakusgarri.

Jarraian, batzarkiderik zaharrenak Adineko Mahaiaren Lehendakaritza hartu eta adinez bere ondorengoak diren biei dei egingo die Adineko Mahaiaren lehendakariorde izan daitezan; ondoren, bi gazteenei deituko ditu idazkari izan daitezen.

Adineko Mahaia eratu ondoren, Batzar Nagusietako Mahaia izendatuko da isilpeko boto bidez. Lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatuko dute Mahaia.

Lehendakaria hautatzeko, batzarkide bakoitzak izen bakar bat idatziko du txartelean, eta botoen gehiengo osoa lortzen duena izango da hautatua. Hautagaietariko batek ere ez badu gehiengo osorik lortzen, botorik gehien atera duten bien arteko bozketa egingo da eta botorik gehien ateratzen dauena hautatuko da lehendakari.

Berdinketarik izan ezkero, berriro egingo da bozketa, baina beste behin baino ez; horretan ere berdinduta jarraitu ezkero, Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan botorik gehien atera zuen alderdi politikoaren hautagaia izango da lehendakari.

Lehendakariordeak biak batera hautatuko dira. Batzarkide bakoitzak izen bakar bat idatziko duu txartelean eta botorik gehien ateratzen dituzten biak hurrenez hurren izango dira hautatuak. Idazkariak hautatzeko lehendakariordeen kasuan erabilitako bide berbera erabiliko da. Lehendakariordetza eta Idazkaritzetarako hautaketetan egon daitezkeen bardinketak lehendakaria hautatzeko jarritako bide berberaz erabakiko dira. Adineko Mahaiaren jarduna eta egitekoak Batzar Nagusietako Mahaiaren hautaketaren emaitzak aldarrikatuaz batera amaituko dira.

Bozketak amaitu ostean, Batzar Nagusiak behin betiko eratuta daudela adieraziko du hautaturiko lehendakariak, jardunean dagoen ahaldun nagusiari ofizialtasunez jakinaraziko dio eta, zazpi eguneko epearen barruan, Bateraezintasunen Batzar Osorako deia egingo du. Batzar hori eta gero, batzarrra egiteko epe barik baina, ahaldun nagusia hautatzeko Osoko Batzarrerako deia egingo da.