Bizkaiko Diputazioak eta Azkue Fundazioak BandaBeat sortu dute, musikan ere euskarazko eduki digitalak sustatzeko

Actualizado: viernes, 8 abril 2011 19:34

BILBO, 8 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak euskara eta euskarazko eduki digitalak sustatzeko proposamen berria abiarazi dute, "bandabeat.com: euskal taldeak last.fm formatuan" izenekoa, hain zuzen ere. Banda Beat (www.bandabeat.com) sare sozial berria da, besteak ez bezalakoa, eta euskara eta kultura-edukiak modu berritzailean sustatzeko asmoz sortu da, betiere musika ardatz bezala hartuta.

Foru erakundetik adierazi dutenez, BandaBeat (www.bandabeat.com) proposamen berriak MySpace eta Last.fm sareei arrakasta eman dioten printzipioak bereganatzen ditu nolabait, baina egokitu egin ditu euskara mundu osoan bultzatzeko eta Euskadiren mugaz haratago heltzeko.

Bere arduradunen esanetan, BandaBeat izenak badu sare sozialen espirituarekin zerikusirik. Gazteei zuzendutako sarea da, hau da, musika bizi duten baina musikatatik bizi ez diren taldeen erreferentziako sarea izan nahi du.

BandaBeat.com-ek "musika taupadak" eskaintzen ditu ingelesez -sarea unibertsala izatea lortu nahi delako- baina, berrikuntza moduan, euskara sustatzeko metodo bat ere eskaintzen du: euskaraz ez dauden edukiak ere onartzea, baina erabiltzaileari euskarazkoak proposatzea beti.

Egitasmo berriak protagonismo berezia du, euskaraz abesten duten taldeak bakarrik onartu beharrean sistema horrek beste edozein hizkuntzatan abesten dutenak ere onartzen dituelako. Sistemak antzeko beste talde batzuk proposatuko dizkio erabiltzaileari -last.fm-ek bezala- baina proposamenen artean leku berezia izango dute euskaraz abesten dutenek. Horrela, BandaBeat-eko musika atsegin izanez gero, munduko edozein erabiltzaileek edozein tokitan jasoko ditu euskaraz abesten duten taldeen proposamenak.

SARIAK ETA LKEHIAKETAK

Sarearen sustatzaileek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak, musika lehiaketak antolatuko dituzte eta sariak emango dituzte sare sozial hau dinamizatzeko. Banden Lehia da horren adibide argia, aurrerantzean BandaBeat-ek antolatu eta sustatuko duelako musika lehiaketa hori.

Sariak ez dira beti diruzkoak izango, eta beste hauek ere izango dira: kontzertu ahaztezinak ematea, talde irabazleen musika irratian entzutea, diska bat grabatzea estudio profesionaletan, eta abar.

Banda Beat-en jatorria Banden Lehia izeneko musika lehiaketak dira. 2009. urtean egin zen lehenengo lehiaketa eta 2010ean bigarrena, arrakasta handiarekin. Lehiaketa bakoitzak iraun zuen hilabetean, bere web-orriak 20.000 bisitatik gora izan zituen, 50 taldek baino gehiagok eman zuten izena eta 150 abestitik gora erregistratu ziren.

Bi lehiaketen xedea talde amateurrak bultzatzea izan zen, eta bi fasetan antolatu ziren. Lehenengo fasea Internet bidezkoa izan zen; taldeak lehiaketaren web orrian erregistratu behar ziren eta abestiak kargatu, gero erabiltzaileek puntuak eman behar zizkieten gehien gustatzen zitzaizkien abestiei. Puntu gehien lortu zuten lau taldeak finalerako sailkatu ziren.

Bigarren fasea zuzeneko kontzertu bat ematea izan zen; taldeek orduan erakutsi behar zituzten bere gaitasunak entzuleen aurrean. Finalistei Apple-n iPod bana eman zitzaien, eta talde irabazleek 2.000 euroko txeke bana irabazi zuten.