Bizkaiko Foru Aldundiak 400.000 euro emango dizkio Bizkaia Bizkaialde Fundazioari eliteko kirola sustatzeko

Actualizado: martes, 31 mayo 2011 19:55

BILBO, 31 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Bizkaialde fundazioari diru-laguntza bat ematea onartu du, erakundearen helburuekin bat eginda 2011n Bizkaiko eliteko kirola sustatu eta garatzeko. Guztira, 400.000 euro emango dizkio foru erakundeak Bizkaia Bizkaialde Fundazioari.

Helburu hori lortzeko, Estatu mailako lehen edo bigarren mailetan taldeak dituzten Bizkaiko klubei finantzazio partziala emango die. Horrez gainera, kirolari jakin batzuek ere diru-laguntza jasoko dute, baldin eta haien maila, ibilbidea eta kirol-lorpenak direla-eta uste bada haien jarduera sustatu behar dela.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, Bizkaia Bizkaialde Fundazioa, sortu zenetik, "bide positiboa eta eraginkorra da Bizkaiaren izen ona nazioartean zabaltzeko eta Bizkaiko eliteko kirola sustatu eta garatzeko".

Fundazioak berak estatutuetan ezartzen duenaren arabera, bere azken helburua da Bizkaian kirola sustatu eta garatzea, errendimendu-kirolari arreta berezia eskainiz, Estatuko lehiaketetan beren baliabideak erabilita nabarmendu diren klubak lehiaketa mailarik altuenean ibil daitezen eta maila horri euts diezaioten.

Bizkaia Bizkaialde Fundazioa 1999. urtean sortu zen, eta kirol-babesleen ahalegin ekonomikoak koordinatzeko funts publiko zein pribatuak biltzen ditu, babesle horien inbertsioei ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko, Bizkaia sustatzen laguntzeko eta kirola modu zuzen eta eraginkorrean antolatzen laguntzeko.

2005. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak, foru dekretu baten bidez, lehentasunezkotzat jo zuen Bizkaia Bizkaialde Fundazioa, kirol arlorako. Horregatik, fundazioari emandako diru-kopuruak direla-eta onura fiskal batzuk lortu ahal dira zerga hauetan: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, sozietateen gaineko zergan eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan.