Bizkaiko Foru Aldundiak sei milioi euro banatuko ditu minusbaliotasuna duten pertsonen elkarteen artean

Actualizado: martes, 24 mayo 2011 19:26

BILBO, 24 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat dekretu onartu ditu minusbaliotasun fisikoak edo intelektualak dituzten pertsonekin lan egiten duten elkarteei diru-laguntzak emateko, eta guztira, 6.295.000 euro erabiliko dira diru-laguntzak emateko.

Laguntza nominal hauek jasoko dituzten erakundeak honako hauek dira: Lantegi Batuak, Gorabide, Fekoor (Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) eta Bidaideak (Euskal Elbarrituen Elkartea).

Lantegi Batuak erakundearen kasuan, diru-laguntza 5.563.000 eurokoa da, eta haren okupazio-zentroak mantentzeko emango zaio. Zentro horietan minusbaliotasun intelektuala duten 850 pertsona artatzen dira.

Halaber, Gorabidek 459.000 euroko laguntza jasoko du, minusbaliotasun intelektuala duten pertsonentzat antolatzen dituen aisialdiko programak egiteko. Bidaideak elkarteak 250.000 euroko laguntza jasoko du, mugikortasun urriko pertsonei garraio egokitua emateko programarako, Zehazki, ibilgailu berriak erosteko da laguntza.

Gainera, Fekoor federazioak 203.000 euroko diru-laguntza jasoko du, minusbaliotasun fisikoa duten pertsonei laguntza emateko egiten dituen jardueretarako. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak 67.000 euroko diru-laguntza emango du Nagusiak Bizkaiko Jubilatu eta Pentsiodunen kluben, etxeen eta zentroen elkartearen jardueretarako.