Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek 4.792 irteera egin zituzten 2010. urtean

Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak Praktikak Egiten
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 8 junio 2011 13:26

BILBO, 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak dituen suhiltzaileen zortzi etxeek 4.792 irteera egin zituzten guztira 2010. urtean guztira. Irteera horietatik 1.949 (%41) suteengatik izan ziren, 1.941 (%40) salbamenduetarako eta 902 (%19) laguntza teknikoa emateko. Aurreko ekitaldian, alegia, 2009an, guztira 5.278 esku-hartze egin zituzten: 2.127 suteetara, 2.234 salbamenduetara eta 917 laguntza teknikoa ematera, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Suteen kategorian, suarekin loturiko ezbehar guztiak sartzen dira: hiri-herrietakoak, industrian eta biltegietan gertatzen direnak, landa guneetakoak, bai eta lehergailuen ondoriozkoak. Salbamenduetan, berriz, askotariko irteerak sartzen dira: zirkulazio-istripuak, erreskateak eta salbamenduak, eta saneamendu- eta irekitze-lanak.

Azkenik, laguntza teknikoa emateko irteeratzat jotzen dira, esaterako, galtzadak garbitzeko egiten direnak, ur-hornidurarako egiten direnak, egoera jakin batzuetan egiten diren arakatze- eta ebaluazio-lanetakoak, simulakroak eta abar.

Suhiltzaileen etxe bakoitzari begiratuta, Uriostek 1.797 esku-hartze egin zituen 2010ean; Basaurik, 660; Artatzak, 977; Gernikak, 232; Balmasedak, 267; Markinak, 162, eta, azkenik, Deriok, 312.

Suhiltzaile-etxe bakoitzaren esku-hartzeen sailkapenari dagokionez, Uriosten, 422 irteera tekniko egin ziren, 681 salbamendu eta 691 sute; Basaurin, 116 irteera tekniko, 290 salbamendu eta 254 sute izan ziren; Artatzan, 105 irteera tekniko, 430 salbamendu eta 442 sute; Iurretan, 56 irteera tekniko, 153 salbamendu eta 179 sute; Gernikan, 45 irteera tekniko, 105 salbamendu eta 82 sute; Balmasedan, 78 irteera tekniko, 94 salbamendu eta 95 sute; Markinan, 33 irteera tekniko, 67 salbamendu eta 62 sute; azkenik, Derion, 47 irteera tekniko, 121 salbamendu eta 144 sute izan ziren.

Aurtengo ekitaldiari dagokionez, 2011n zehar eginiko esku-hartzeetan, orain arte, 1.200 irteera baino zertxobait gehiago egin dituzte suhiltzaile-etxeek.

ETXEAK MODERNIZATU

Suhiltzaile Zerbitzuko profesionalen taldea etengabe trebatzearekin batera, joan den urtean zehar, Bizkaiko Foru Aldundiak suhiltzaile-etxeen sarea berrikusi du sakonki, etxeok modernizatu eta herritarrek gaur egun dituzten beharretara egokitzeko.

Derioko eta Iurretako zentroak sartu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren eraberritze-plan horren barruan, eta, hala, instalazio berriak ireki zituzten 2010ean. Horri esker, orain kokatu dituzten lekuetatik, azkarrago hel daitezke ezbeharrak gertatzen diren lekuetara.

Irurretako etxea, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak duen suhiltzaile-etxerik handiena da, eta hain da handia, ezen, gaur egun dituen neurriekin, saiatze-praktika bereziak egiteko aukera ematen baitu, suhiltzaileek gerora izan litzaketen esku-hartzeetan trebatzeko. Deriokoa, berriz, leku estrategiko batean kokatu dute orain, Zamudioko teknologia parkearen sarreraren ondoan eta Mungia-Bilbo autobidetik gertu-gertu, eta, horrela, esku-hartze handia egin dezake oso denbora laburrean.

Bizkaiko Foru Aldundiak zortzi suhiltzaile-etxe ditu, lurralde osoan zerbitzua ematen dutenak (Bilbon izan ezik): Urioste, Balmaseda, Basauri, Gernika, Artatza, Derio, Markina eta Iurreta. Horiez gain, Karrantza, Urduña, Otxandio eta Lanestosako boluntarioen etxeak ere baditu Bizkaiko Aldundiak, bai eta Derioko ordezko suhiltzaile-etxea deritzona ere, matxuraren bat dagoenean ordezkapenak egiteko ibilgailuak dituena.

Guztira 426 langile ditu, eta haietarik 400 suhiltzaileak dira. Gainerako langileak administrariak, jarduleak, talde berezietako kideak, mekanikariak eta abar dira. Bestetik, zuzendariordea eta zerbitzuko ataletako buruak daude (Suhiltzaile Atala, Suteen Prebentziorako Atala eta atal tekniko administratiboa).

Langile kopururik handiena eta zerbitzuan udalerri-eremurik handiena hartzen dutenak Urioste (83 profesional), Basauri (52), Artatza (58), Iurreta (53) eta Gernika, Zalla, Markina eta Derio (denek 38) dira.

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren suhitzaile-etxeen sareak 97 ibilgailu ditu: hiri-punpa astunak eta arinak, basoetako punpa astuna, hiri-punpa arina, punpa ama astuna, autoeskailera automatikoak, lur orotarako ibilgailuak, ekipoen eta askotariko tresnen furgoia, eta abar.