Bizkaiko Foru Liburutegiak 20 jarduera baino gehiago antolatuko ditu 2011ko egitarauan

Egitarauaren kartela
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 12:49

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Liburutegiaren 2011. urteko programazioak 20 jarduera baino gehiago proposatzen ditu eta, besteak beste, ohiko eskaintzak ere biltzen ditu, hau da, "Irakurketa Txokoa", erakusketak, lantegiak, "Bibliolagunak" edota BizkaIdatz saria.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura arloko zuzendari Jon Iñaki Zarragak aurkeztu du gaur foru liburutegiaren 2011ko kultura-programazioa, Foru Jauregiko prentsa-aretoan, Bilbon. Egitarau hori otsailean hasi eta abendura arte garatuko da.

Horrela, aurten egingo diren kultura-jardueren artean daude BizkaIdatz literatur sariaren laugarren edizioa, "Irakurketa Txokoa", tailerrak eta erakusketak, "Letrak eta Futbola" topaketen bigarren zikloa edota hainbat gairi buruzko ikastaroak.

Gainera, Bizkaiko Foru Liburutegiak egunean-egunean beste zerbitzu asko eskaintzen dizkie herritarrei, hala nola interneterako sarbidea, bisita gidatuak edo kultura-informazio zabaltzeko guneak.

Foru Liburutegiaren kultura-programazioa orain dela hiru urte abiatu zen, bertako instalazioak berritu, hobetu eta zabaltzeko lanak 2007an amaitu ondoren. Bada, hiru urteotan, 4.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte jardueretan, besteak beste, askotariko ikastaroetan, erakusketetan, tailerretan, hitzaldietan, musika-entzunaldietan edo zabalkunderako jardunaldietan.