Bizkaiko Gizarte Laguntzako Foru Erakundeak 159 plazako Lan Eskaintza Publikoa onartu du

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatua
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 27 julio 2017 14:10

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren menpe dagoen Gizarte Laguntzarako Foru Erakundeko gobernu bilerak 2017. urterako Lan Eskaintza Publikoa onartu du, eta guztira 159 plaza eskainiko ditu: 106 eskaintza askekoak eta 53 barne sustapenekoak. Gizarte Laguntzako Foru Erakundearen "inoizko lan eskaintza publikorik handiena" da.

Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak adierazi duenez, deialdi hau eginez, Bizkaiko Foru Aldundiak "mantendu egiten du bere egitura indartzeko eginiko apustua, kasu honetan, Gizarte Ekintza Sailaren menpeko foru erakundearen egitura". Gainera, azpimarratu duenez, lanaren ikuspegitik, eskaintzak aukera emango du "langileen egoera egonkortzeko, bitarteko langile gutxiago egoteko eta kalitateko enplegu publiko iraunkorra bermatzeko".

Foru diputatuak azaldu duenez, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean ezarritako legezko mugak errespetatuz, Gizarte Laguntzako Foru Erakundearen 2017rako Lan Eskaintza Publikoak "funtsean enpleguaren behin behinekotasuna murriztea du helburu, enpleguaren bidez lanbide maila guztietan gero eta egonkortasun handiagoa lortuz, eta arreta berezia jarrita zuzeneko arretako plazei, ezgaitasunen bat duten pertsonentzako erreserba batzuk egitea ahaztu gabe".

PLAZAK

Horrela, eskaintzan aterako diren plaza gehienak (112) osasun laguntzaileenak izango dira (kopuru horretatik 38 barne sustapenerako gordeko dira). Gainera, 21 plaza eskainiko dira erizain/EUD aritzeko, eta 17 plaza administrazioko langileentzat izango dira (zazpi barne sustapenerako). Horiez gainera, zazpi plaza eskainiko dira gizarte laguntzaileentzat (hiru barne sustapenerako) eta bi goi mailako teknikarientzat.

Bestalde, 12 plaza desgaitasunen bat duten pertsonentzat izango dira, hau da, eskaintza osoaren %7. Plaza hauetakoren bat lortzeko, izangaiek egiaztatu beharko dute %33ko edo handik gorako ezgaitasuna dutela

Hautaketa prozesuen arrazionalizazioa eta eraginkortasuna lortzeko, aurtengo eskaintzaren plazak 2016ko 28 plazei gehituko zaizkie (azken horiek iazko urrian onartu ziren. Hala, bi lan eskaintza publikoak batera egingo dira 2018an, hautaketa prozesurako deialdi bakar baten bidez, non eskaintza bietako plaza huts guztiak eskainiko diren, hau da, 187. Urte amaieran egingo da bi lan eskaintza publikoetarako deialdia (2016 eta 2017), eta probak, berriz, 2018an izango dira.