Bizkaiko herri dantzei buruzko erakusketa bat inauguratu dute Bilboko Euskal Museoan

Erakusketaren inaugurazioan izan diren ordezkariak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 21 marzo 2013 15:04

BILBO, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Euskal Museoak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak "Bizkaiko dantzak eta dantzariak" erakusketa ireki dute ostegun honetan museo bilbotarrean. Ekainaren 23ra arte ikusgai izango den erakusketan, dantzen eta erabilitako arropa nagusien bitartez, Bizkaiko dantzei buruzko ahalik eta ikuspegirik zabalena eskaini nahi da.

Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatu eta Euskal Museoko Patronatuko burua den Josune Ariztondok, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidente Jose Mari Oiartzabalek, eta elkarteko kide Amaia Basterretxeak eta Jon Pertikak inauguratu dute erakusketa.

Figurak eta segizioak, musika-erritmoak, dantzak eta hori guztia inguratzen eta identifikarazten duten eszenografiak eta arropak ikusi ahal izango dira erakusketan, bere bi atal nagusien bitartez: "Herri dantza" eta "Erritu dantza". Bakoitzean dantzei buruzko ikus-entzunezko muntaia bat ikusi ahal izango da.

Horrela, lehenengo aretoan "Herri dantza" izango da protagonista. Herri dantza agerpen kolektibo eta ludikoa da, komunitate jakin baten ospakizunen edo jaien barruan egiten dena komunitate osoaren partaidetzarekin. Erromeria, Soka-dantza, Erregelak, Mahai gainekoak eta Txakolin-dantza dira herri dantzarik esanguratsuenak.

Bigarren aretoan, aldiz, "Erritu dantza" islatuko da. Egitura zehatzekoa da, bai berau dantzatzen dutenen eraketa itxiari dagokionez eta bai dantzaren urrats eta koreografien garapenari dagokienez ere, eta berezkoa duen musikaren akordeak jarraitzen ditu. Hauek dira dantzarik esanguratsuenak: Dantzari-dantza, Kaixarranka, Entradillak, Errebonbilloak, Danza de varas, Ezpata-dantza eta Saragi-dantza.

Era berean, Iñaki Irigoienek atal berezia izango du erakusketan, Bizkaiko dantzen munduari egin dion ekarpena dela eta. Bere lanei, inkestei eta artxiboetako ikerketei esker, dantza ugari berreskuratu edo birsortu ahal izan dira.

Ildo honetan, Ariztondok eskerrak eman dizkio Iñaki Irigoieni bere lanagatik, bai eta hark bezala "gure ondare kultural eta artistikoa ikertu, zabaldu eta gizarteratzen laguntzen duten guztiei" ere, "pertsona horien dedikazioagatik gehiago dakigulako gure tradizioari buruz".

DANTZA SAIOAK

Gainera, apirila eta ekaina bitartean, hilabete bakoitzeko larunbat batean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak goizeko hiru emanaldi eskainiko ditu Bilboko Plaza Barrian, Bizkaiko zenbait dantza talderen eskutik. Taldeak Euskal Museotik irtengo dira, Unamuno plazatik.

Zehazki, apirilaren 20an, Durangaldeko dantzak aurkeztuko dituzte Abadiñoko Talde Batuek, Berrizko San Lorentzok, Berrizko Iremiñek, Garaiko Dantza Taldeak, Iurretako Mikel Deunak, Izurtzako Mendi Gainek eta Mañariko Dantza Taldeak.

Maiatzaren 11n Lea-Artibaiko dantzak izango dira protagonista, Lekeitioko Etorkizuna eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeekin, eta azkenik, ekainaren 1ean, Bizkaiko beste zenbait dantza aurkeztuko dituzte Santurtziko Mendi Alde, Lanestosako Los Danzantes, Basurtuko Beti Jai Alai eta Durangoko Kriskitin dantza taldeek.