Bizkaiko ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko "Idazleakaz" programa aurkeztu dute

"Idazleakaz" aurkeztu dute Bizkaiko Aldundiak eta Euskal Idazleen Elkarteak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 11 noviembre 2011 12:59

BILBO, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Idazleen Elkarteak "Idazleakaz" programa antolatu dute ikasturte honetarako (2011-2012). Egitasmoaren helburu nagusia Bizkaiko ikastetxeetako ikasleen artean da irakurtzeko zaletasuna sustatzea da.

Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak eta Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko presidenteak aurkeztu dute gaur programa, prentsaurreko batean. Ekimena Kultura Foru Sailak eta Euskal Idazleen Elkarteak batera sustatu dute.

"Idazleakaz" Bizkaiko ikastetxe guztietako ikasleei zuzenduta dago. Programan euskal idazle ospetsuek parte hartuko dute beren lana ikasle parte-hartzaileei zuzenean azalduz.

Proposamen berritzaile hau Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren helburu nagusietako batean oinarritzen da. Zuzendaritza horrek euskara sustatzeko planean lan egiten du, eta bereziki ahula den segmentu batean, hots, gazterian izan nahi du eragina.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Idazleen Elkarteak programan parte hartzeko proposamena bidali du Bizkaiko 500 ikastetxetara; haietatik, 373 DBHko eta Batxilergoko zentroak dira. Izena emateko epea azaroaren 18ra arte egongo da zabalik. Gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna eta ohitura bultzatu nahi dituen programa honetan 84 euskal idazlek hartuko dute parte.

Programak bi atal ditu. "Idazleakaz" Bizkaiko ikastetxeetako ikasle guztiei zuzendutako proposamena da. Bertan, besteak beste, Edorta Jimenez, Miren Agur Meabe, Katixa Agirre, Pello Añorga, Xabier Mendiguren eta Jon Arretxek beren lana zuzenean azalduko diete ikasleei. Euskal Idazleen Elkarteak literatur lanen zerrenda bat egin du, eta ekimenean interesatuta duten ikastetxeek landu nahi duten lana aukeratuko dute. Ondoren, kudeaketa egingo da aukeratua izan den idazlea ikastetxera joateko eta zuzenean azterketa-saioan eta mahai-inguruan parte hartzeko.

Bestalde, "BI-2" atalak Bizkaiko bi idazle jarriko ditu harremanetan. Batetik, idazle zahar batek bizkaieraz idatzi zuen obra bat aukeratzen da, euskara batua ezarri aurrekoa, eta, bestetik, gaur egun bere obra batueraz argitaratzen duen arren bizkaierazko tradizioa eta obra idatzia ezagutu eta menperatzen dituen egile bat. Idazle zaharra zein gaur egungoa eremu berekoak izango dira.

Hala, honelako idazle bikoteak egingo dira, besteak beste, Gabiria eta Añibarro (Arratiako euskalkia), Xabier Amuriza eta Errose Bustintza (Durangaldeko "mañarikua"), Miren Agur Meabe eta Erkiaga (Lekeitioko euskalkia), Anton Irusta eta Lauaxeta, eta Urtzi Urrutikoetxea eta Rafael Mikoleta.