Bizkaiko ordezkaritza bat Kolonbiara doa 30 ETEren hedapena sendotzeko

Actualizado: martes, 17 febrero 2015 14:17
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Merkataritza Ganbera Kolonbiara joango dira aste honetan, lurralde historikoko 30 enpresa txiki eta ertainen (ETE) bi klusterren merkataritza jarduera sendotzen laguntzeko. Enpresa misioa legealdiko seigarrena da, eta Medellinen eta Bogotan egingo da, otsailaren 19tik 24ra, Unai Rementeria foru erakundeko bozeramaileak iragarri duenez.

   Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatua eta Mikel Arieta-Araunabeña Bilboko Merkataritza Ganberako Nazioartekotze Arloko zuzendaria izango dira misioaren buru. Bilera ofizial eta enpresa bilera ugari izango dituzte, besteak beste, Anibal Gaviria Medellingo alkatearekin eta Kolonbiako Gobernuko ministerioetako goi ordezkariekin.

   Bizkaiko 30 ETEen ordezkariek osatuko dute merkataritza misioa, eta xedea da legegintzaldian zehar zabaldutako bidea sendotzea. 2012tik hona, Aldundiak eta Merkataritza Ganberak ekintza bateratuak egin dituzte Brasil, Mexiko, Txile, Peru eta Kolonbian. Azken lau herrialde horiek Pazifikoko Aliantza osatzen dute. Aliantza horrek gero eta protagonismo ekonomiko handiagoa du Latinoamerikan, merkataritza librerako aukerak zabaldu baititu, estrategia partekatuak erabilita. Horri esker, Bizkaiko ETEek errazagoa dute nazioartera zabaltzea.

   Kolonbiara joango den taldea osatzen duten 30 ETEek eta Uniport eta Aclima klusterrek hainbat industria sektore ordezkatzen dituzte, hala nola osagai elektrikoak, garraioa eta logistika, urak kudeatzeko ekipamenduak, altzairua, eraikuntzarako ekipamendua edo bioteknologia.

   Pradales eta Arieta-Araunabeñaz gain, erakundeetako beste ordezkari batzuk joango dira: Gorka Estebez Mendizabal Enpresak Sustatzeko foru zuzendaria, Gabino Martinez de Arenaza Turismorako eta Kanpo Sustapenerako foru arduraduna eta Jose Luis Gil Merkataritza Ganberako Nazioartekotze Arloko zuzendariordea.

   Aldundiaren eta Ganberaren ordezkaritzaren agenda ostegun honetan, otsailaren 19an, hasiko da, Bilbo-Bizkaiaren eraldaketa prozesuaren eta Medellin-Antiokian gaur egun egiten ari diren prozesuarekin izan dezakeen harremanaren aurkezpenarekin. Aurreikusita dago Medellingo enpresa publiko batzuekin biltzea, eta Kolonbiako bigarren hiri garrantzitsuenaren alkate Anibal Gaviriarekin biltzea ere, besteak beste.

   Gero, Bogotara joango da enpresa misioa eta han Kolonbiako Gobernuarekin merkataritza harremanak lantzeko programa zabal bat izango du. Bilera horietan erakundeen ordezkaritzarekin joan diren enpresen ezaugarriak aurkeztuko dira.

   Bidaiaren profil ekonomikoa osatzeko, bilera bat izango da Kolonbiako bidaia agentzia handizkari garrantzitsuenarekin, Latinoamerikako herrialdeko bidaiariei begira Bilbo-Bizkaiak helmuga gisa dituen aukeren berri emateko.

KOLONBIA

   Kolonbiak hazkunderako "aukera onak" ditu aurten, eta egoera hori Pazifikoko Aliantzako kide den herrialde horren bereizgarri izan da azken hamarkadan. Gobernuaren aurreikuspenen arabera, 2014an Barne Produktu Gordinak (BPG) izan duen %4,7ko hazkundeari hamarren bat gehituko zaio 2015ean. Eragile ekonomiko nagusia etxebizitzak eta azpiegiturak eraikitzeko sektorea izan da.

   Kolonbiak hiru milioi enplegu baino gehiago sortu ditu azken lau urteetan. Hazkunde iraunkorra, langabeziaren jaitsiera, inflazio txikia, inbertsioaren igoera, pobreziaren gutxitzea eta zerga kontrola dira Kolonbiaren arrakastaren oinarria.

   2014an, euskal enpresek 68,57 milioi euro esportatu zituzten Kolonbiara, sektore hauetako produktuetan: galdaketa, burdina eta altzairua; makinak eta tresna mekanikoak; material elektrikoa; papera eta kartoiak; material plastikoak; tresna optikoak, neurgailuak eta tresna medikoak; farmazia produktuak; kautxua eta manufakturak; automobilak eta traktoreak.

   Halaber, bidaia aprobetxatuz, Daniel García (Zortziko), Jabier Gartzia (Boroa), Ricardo Pérez (Yandiola) eta Beñat Ormaetxea (Jauregibarria) sukaldariak eta Mikel Garaizabal sommelier eta enologoa ere Kolonbiara joango dira aurkezpen gastronomikoetan parte hartzeko.