Bizkaiko Txakolinaren 1.850.000 litro ekoitziko dira aurten

Actualizado: martes, 15 septiembre 2015 14:24

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Txakolinaren uzta astebete aurreratuko da aurten, eta asteburuan hasiko da mota goiztiarren batzea eta datorren astean uzta bete betean izango da. Horrela, iaz baino %20 gehiago batzea espero da eta, 2.700.000 kilo mahats gaindituz, 1.850.000 litro txakolin ekoitziko dira.

   Bizkaiko Txakolina jatorri deituraren arduradunen arabera, uzta astebete aurreratuko da ohiko egutegiarekin alderatuz, eguraldia ezin hobea izan baita uda osoan eta batez ere iraileko lehenengo egunetan, eta horrek mahatsa beste urteetan baino arinago heltzea ekarri du. Zehazki, asteburu honetan barietate goiztiarrak hasiko dira batzen, eta datorren astean, berriz, barietate nagusiarekin hasiko dira lanean.

   "Mahats ezin hobea espero da aurtengo uztan, ondo heldutakoa eta gaixotasun gabekoa. Azken egunotako eguraldia, egun eguzkitsu eta epelak eta gau hotzak, ezin hobea izaten ari da mahatsa heltzeko. Mahastietan egiten ari diren edukiera lanak ez dira oraindik amaitu, baina lehen kalkuluaren arabera, hektareako etekina igaz baino %20 hobeagoa izatea espero da, kontuan harturik, gainera, mahasti gazte batzuk mahatsa ematen hasi direla aurten. Hau baieztatu ezkero, uztak 2.700.000 kilo mahats emango ditu, 1.850.000 litro txakolin ekoizteko", azaldu dute.

   Bizkaiko Txakolinaren Kontseilu Arautzaileak bere kontrol eta kalkulu lanekin jarraitzen du 130 hektarea mahastitan. Aurten kontrol hauek uzta lanetan ere egingo dira, Bizkaiko Txakolinaren jatorria eta kalitatea bermatuz.