Bizkaiko txakolinari buruz editatutako gida bat aukeratu dute Gourmand sarien nazioarteko finalerako

Bizkaiko txakolina
Europa Press
Actualizado: martes, 12 febrero 2013 14:01

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako "Bizkaiko txakolina. Bidaia" gida aukeratu dute Gourmand sarien nazioarteko finalean parte hartzeko. Sariok "enogastronomiako liburuen Oscar saritzat" jotzen dituzte, foru erakundeko arduradunek nabarmendu dutenez.

Beraz, liburua Europako ardoei buruzko munduko argitalpenik onena izateko hautagaietako bat izango da. Abenduan, txakolinari buruzko gidak Espainiako Estatuko libururik onenaren Gourmand saria jaso zuen Europako ardoei buruzko kategorian.

"Bizkaiko txakolina. Bidaia" gida bere kategorian parte hartu dutenetako bost onenen artean aukeratu dute, eta Europako ardoei buruzko libururik onenaren kategorian lehiatuko da, Australiako, Italiako, Suediako eta Amerikako Estatu Batuetako beste lau liburuekin batera.

Aukeraketa egiteko gala otsailaren 23an izango da, Parisko Carrousel du Louvre-n. Lehiaketako ardo eta edariei buruzko argitalpenen atalean dauden 25 kategorietan parte hartzeko aukeratu dituzten 93 liburuetako bat da Bizkaiko txakolinari buruzko gida hau. Liburuak 32 herrialdetakoak dira.

Gourmand sariek ospe handia dute gastronomiaren eta enologiaren munduan, eta plataforma bikaina dira saritutako liburuak nazioartean proiektatzeko, merkatuan gehiago ikusarazten baitituzte.

Mikel Garaizabal sommelier eta enologoak idatzi du "Bizkaiko txakolina. Bidaia". Lan honen bidez, ardoari hurbiltzeko beste modu bat erakusten du egileak, hainbat alderdi aurkezten baititu: ardoa egiteko prozesuak, egiten den sotoak eta eskualdeak, zerbitzatzen den jatetxeak eta hotelak, eta, horrez gain, Bizkaiko toki nabarmenenak.

HELBURUA

Bizkaiko Aldundiak gida honekin lortu nahi duen helburua lurraldeko mahastizaintzaren eta ardogintzaren aberastasunari lotutako turismoa sustatzea da, eta bide batez, Bizkaiko gastronomia, kultura eta aisialdi eskaintza zabaltzea. Hala adierazi zuen Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak liburuaren aurkezpenean.

Izan ere, argitalpena Bizkaia bisitatzen duten turistentzat da, eta lurraldeko jatetxe nagusietan eta hoteletan banatzen da. Gida 'cultural traveller' delako turistarentzat dago pentsatuta. Mota horretako bidaiariak ez du aisia pasiborik bilatzen; jokatzeko modu aktiboa du, eta ikasi eta esperimentatzeko jakin-mina eta gogoa, bai eta Bizkaiko aukera enoturistikoak ezagutzeko ere.

Gida sei hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz eta Bizkaian gehien agertzen diren turismo-merkatuei dagozkien hizkuntzetan. Orain arte, 5.000 ale argitaratu dira: 500 euskaraz; 3.000 gaztelaniaz eta beste 1.500 ingelesez. Urtarriletik aurrera beste 2.000 ale argitaratuko dira, katalanez (500), frantsesez (1.000) eta alemanez (500).