Bizkaiko udalek Udalkutxa funtsaren 759,4 milioi euro jaso dituzte 2012an

Rementeriak eman du Udalkutxaren 2012ko likidazioaren berri
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 20 febrero 2013 18:52

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseilua Bilbon bildu da asteazken honetan Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren 2012ko likidazioa egiteko. Kontseilu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak zein Bizkaiko udalek (Eudelen bidez) dute ordezkaritza. Horrela, besteak beste, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak Udalkutxaren 2012ko likidazioa itxi du, eta 759,4 milioi eurokoa izango da, hasierako aurrekontuan 776,17 milioi eurokoa bazen ere.

Krisialdi ekonomikoaren ondorioz zein denbora horretan euskal erakundeek lortutako diru-sarreren murrizketaren ondorioz, txikiagoa da Bizkaiko udalek jasotako behin betiko zenbatekoa, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez.

Dena den, Rementeriak nabarmendu du Bizkaiko udalek -Bizkaiko sarreren %56 jasotzen dute- Espainiakoek baino biztanle bakoitzeko finantzaketa hobea dutela, hain zuen, 50 puntu gehiagora artekoa.

Aldundiari itzuli beharrekoa ere aurreikusitakoa baino gutxiago izango da, eta horrela, likidazioaren ondorioz, guztira, 16,7 milioi euro itzuli beharko dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari, aurreikuspena 29 milioi euro zirenean. Hori hala da, batez ere, udalei eman zaielako Bizkaiko Ogasunak berreskuratutako zerga-pizgarriak (opor fiskalak) direla-eta dagokien ehunekoa.

Udalkutxan erabakitako zenbatekoak "nabarmen hobeak" dira 2011ko ekitaldian itzuli behar izan ziren zenbatekoak baino; orduan, udalek 47,7 milioi euro itzuli zituzten.

Finantzen Lurralde Kontseiluan, Foru Aldundiak zein udalek adostu dute itzuli beharreko 16,7 milioi euroak, 2012ko ekitaldiari dagozkionak, 2013an hilean-hilean zatika ordaintzea. Halaber, egoera ahulean dauden edo diruzaintzako arazoak dituzten udalen kasuan erabaki dute itzuli beharrekoa zatika hiru urtean ordaintzeko aukera emango duten sistemak abian jartzea. Aldundiak bere gain hartuko du horretarako beharrezkoak izan daitezkeen ekimenak eta aldaketak aurkeztea.

Azkenik, bileraren amaieran, Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartu du 2013an udalei behar duten informazioa modu formalean helarazteko behar beste bileratarako deialdia egiteko.