Bizkaiko zerga bilketa %13 igo da urteko lehen lauhilekoan, 2.605 milioi euro bilduta

Zerga bilketa gora apirila arte Bizkaian
Europa Press
Actualizado: martes, 16 mayo 2017 12:49

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bizkaian 2.605 milioi euro bildu dira zerga itunduekin 2017. urteko lehen lau hilabeteetan, hau da, 2016ko aldi berean baino %13 gehiago, iaz 2.305 milioi euro bildu baitziren, Elena Unzueta foru erakundeko bozeramaileak astearte honetan jakinarazi duenez.

Zuzeneko zergen bidez bildutako zenbateko likidoa %17,6 handiagoa izan da aurten, iazkoarekin alderatuta, eta 1.239 milioi euro bildu dira. Zeharkako zergekin 1.198,2 milioi euro bildu dira, 2016an baino %8,1 gehiago.

Kontzeptu nagusien artean, PFEZaren bidez 1.146,4 milioi euro bildu dira, iaz baino %3,2 gehiago, eta Sozietateen gaineko Zergaren bilketa %326,3 igo da, bildutako zenbateko gordinak gora egitearen eta itzulketek nabarmen behera egitearen ondorioz. Horrela, kontzeptu hori dela eta 2016ko apirilean kopuru negatiboa erregistratu bazen (-44,9 milioi euro), ekitaldi honetan 101,7 milioi euro izan dira.

BEZari dagokionez, bilketa likidoak (991,3 milioi) %5,4 egin du gora, bilketa gordina %2,7 igo da eta apirilera arte egindako itzulketak 17,9 milioi euro gutxiago izan baitira. Zerga bereziei dagokienez, bilketak %3,5 egin du gora, iazko apirilean bildutakoaren aldean. Hazkunde horren arrazoi nagusia da Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketan izandako %8,3ko hazkundea (247,1 milioi euro).

Horrela, tasak eta beste sarrera batzuk direla-eta bildutakoa ere kontuan hartuta (26,5 milioi), Bizkaiko Foru Ogasunak 2.732,5 milioi euro bildu ditu urteko lehenengo lau hilabeteetan. Kopuru hori 2.605 milioi eurora murrizten da, Gipuzkoako eta Arabako aldundiekin eta Estatuarekin doikuntzak egin ondoren (-268,8 miloi eta 141,3 milioi, hurrenez hurren).