Blas de Otero X. Poesia Lehiaketako lan irabazleak argitaratu dituzte

Actualizado: sábado, 16 junio 2018 12:41

BILBO, 16 Jun. (EUROPA PRESS) -

Blas de Otero-Bilbo Hiria Poesia Lehiaketako 2017ko edizioan saritutako poesia liburuak argitaratu berri ditu Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeen bitartez: Rafa Ugalde zornotzarraren "Hondar aleak" (Erein) eta Raquel Ramírez de Arellano madrildarraren "La arquitectura de las colmenas" (Devenir). Bi liburuak salgai eta Bilboko Udal Liburutegi Sarean maileguan eskuragarri daude.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 2002an Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa irabazi zuen Rafa Ugalde Iragorri Zornotzako idazlearen "Hondar aleak" poema liburuari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu zuenobran argi eta garbi agertzen dela "poetaren desio pertsonala, egunerokotasuna eta galdu dena, dagoeneko ez dauden pertsonak, adiskideak edo haurtzaroa, erabateko zehaztasunez marraztuz". Horrez gain, baliabide poetikoen eta hizkuntzaren aberastasuna ere baloratu zituen.

Biologian lizentziatutako Rafa Ugalde euskara irakaslea ere bada, eta sei liburu argitaratu ditu. Azkena "Baltzolako Ipuinak" da (Ibaizabal)). 15 kontakizun dituen bilduma da, "poesiaz eta gozotasunez" idatzitako ipuinak, Baltzola eta Axlor inguruak ikertu dituzten eta aztertzen jarraitzen dituztenei eskainitako omenaldia.

Bestalde, gaztelaniazko sari nagusia lortu zuen Raquel Ramírez de Arellanoren "La arquitectura de las colmenas" poema liburuari dagokionez, epaimahaiaren iritziz, "egundokoa da, Pablo Nerudak lan azpimarragarriei ematen zien esanahian", hau da, "egundokoa tamainarengatik, egundokoa ahots aberastasunarengatik eta egundokoa hitzen basoaren gainetik hegaz egiten duten irudien ugaritasunarengatik". Horrela, "oso landutako" liburua dela nabarmendu zuen: "hitz bakoitzak irudi poetikoari laguntzen dio, eta metafora bertsotik bertsora mugitzen da, arintasunez salto eginez".

Unibertsitate Konplutensean Filologia Hispaniarrean lizentziatutako Raquel Ramírez de Arellano Gaztelania eta Literatura irakasle gisa ari da lanean 2000tik Bigarren Hezkuntzan. 2014an argitaratu zuen bere lehenengo poema liburua, "Riego automático", Ártese quien pueda argitaletxean.

Blas de Otero Poesia Lehiaketa urtero antolatzen du Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Lehiaketaren helburua literatura jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, Blas de Otero poeta bilbotarraren memoria eta lana bizirik iraunarazteaz gain.