BM Bilbao Atletismo Santutxu taldeko emakumeei harrera egin die Bilboko Udalak

BM Bilbao Atletismo taldeko kideak Bilboko udaletxean
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 31 marzo 2017 16:47

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak harrera egin die ostiral honetan BM Bilbao Atletismo Santutxu taldeko emakumeei, udaletxean, Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol zinegotzia buru zela. Ekitaldian, zorionak eman dizkie taldeko 26 kideei 2016-2017 denboraldian eskuratutako lorpenengatik, besteak beste, Europako Kroseko txapeldunordeak izan baitira senior kategorian. Txapelketa horretako azken bost podiumetan egon den Europako talde bakarra da.

Horrez gain, sei aldiz txapeldunak izan dira estatu mailan kros luze seniorrean, eta, horrela, Espainiako Atletismo Errege Federazioan marka berria lortu dute lehiaketa horretan ondoz ondoko sei txapelketa irabazita.

Iazko garaipen zerrenda beste titulu batzuekin osatu dute taldeko neskek. Hain zuzen, Euskadiko eta Bizkaiko txapeldunak krosean, emakume beteranoen kategorian; Euskadiko txapeldunak kros luzean, promesa mailan, kros luze seniorrean eta kros labur seniorrean; Bizkaiko txapeldunak krosean, kadete, promesa eta senior mailetan.

Gazteria eta Kiroleko zinegotziak Santutxuko klubak hirian kirol hau sustatzeko egiten duen lana eskertu du. Ildo horretan, urtero antolatzen duen Bilboko Nazioarteko Atletismo Miliaren 13. edizioa jokatuko da larunbatean, apirilaren 1ean. Kale Nagusia lasterketen programaren eszenatokia izango da. Proba honetan atleta federatuek eta amateurrek, kirolari federatuek eta herrikoiek parte hartu ahal dute, 11 kategoriatan banatuta.

Santutxuko taldeak 1986tik sustatzen du atletismoa, ekitaldiak antolatuz eta nazioarte, estatu eta lurralde mailetako lehiaketetan parte hartuz. Klubak atletismo eskola bat dauka Zorrotzan, umeen eta gazteen artean atletismoa sustatzeko.